Hernani Burujaberen baitako Etxegura taldeak Jabe Solidarioen Sarea osatu asmo du. Horren helburua da, Hernanin etxebizitza prezio justuan alokatzen duten jabeak identifikatzea. Batetik, erakusteko badagoela alternatiba eta jabe gehiago horretara bultzatzeko. Bestetik, Etxeguratik jabe horiek identifikatuak izateko, herritarrek elkartera laguntza bila joko balute horiekin harremanetan jartzeko, konponbideren bat lortzeko asmoz.
Horretarako, bi galdetegi zabaldu dituzte, egoera ezagutu eta harremanak egiten hasteko. Bata, maizterrei bideratua da; bestea, higiezinen jabeei. Bi galdetegiak Hernani Burujaberen webgunean eskuragarri daude, baita Etxeguraren eta Hernani Burujaberen sare sozialetan ere (Instagram eta Twitterren). Bestetik, Burujabetzen Egunean paperean betetzeko aukera ere izango da. Elkartearekin harremanetan jartzeko, etxeguraelkartea@gmail.com helbidera idatzi daiteke.