Hernaniko Udal Euskaltegiak aurten ere herritarrak elkarrekin euskaraz hitz egitera elkartu nahi ditu, azaroaren 28an Milagrosa Mintzodromo bihurtuta, 10:00etatik 11:00etara. Izena emateko epea etzira arte izango da ondorengo bideetatik: euskaltegi@hernani.eus helbide elektronikoan edota 943 33 18 96 telefono zenbakian (astelehenetik ostiralera, 09:30-14:00).
«Euskera ikasten ari bazara edo gehiegietan egiten ez baduzu, aukera ederra duzu praktikan jartzeko», adierazi dute Udal Euskaltegiko arduradunek. «Egunerokoan euskeraz egiten baduzu ere animatu, oso aberasgarria da-eta dakizuna ikasten ari direnekin konpartitzea».
Aurtengoa, Hernaniko Udal Euskaltegiak Mintzodromoa antolatuko duen bederatzigarren aldia izango da. Iaz, 120 lagunek parte hartu zuten: euskera ikasleak, herritar euskaldunak, institutuko ikasleak... «Une atsegin bat pasatzeaz gain, ikasten ari direnak animatzea; hitz egiteko aukera ematea; motibazioa areagotzea... dira Mintzodromoaren helburuak», azaldu dute.