Suzko irudiak argazki liburua larunbatean aurkeztuko da

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 20a, 00:00

Nagore Legarreta argazkilariak 200 ale argitaratu ditu eta larunbatean aurkeztuko du San Telmo museoan.

 

«Lan asko egin ondoren larunbat honetan aurkeztuko dugu, liburua esku artean dugula, Suzko irudiak argazki liburua», adierazi du Nagore Legarreta egile hernaniarrak Liburuko irudiak poxpolo kutxa batekin egindako argazki kamera batekin sortu ziren Indiara egindako hainbat bidaitan. Horrez gain liburuak soinu banda ere badu.

200 ale argitaratu ditu Legarretak eta larunbat honetan aurkeztuko dute Donostiako San Telmo Museoan, eguerdiko 12.00etan. Liburua eskuratzeko aukera ere izango da. 

 

Hernanin abenduaren 11n 
aurkeztuko da

Hernanin ere aurkeztuko du liburua, baina hori abenduaren 11n izango da, arratsaldeko 18:30etan, Biterin. Ondoren, BALA azokan (Bilboko Arte Liburu Azoka) izango da aurkezpena. Durangoko azokan liburua salgai izango da.

Suzko irudiak bildumak Nagore Legarreta argazkilariak Indiara egindako lau bidaitan sortutako irudi sorta biltzen du. Artxiboa 700 argazkik osatzen dute.

Liburua ere 17x24 cm-ko poxpolo kutxan argitaratuko da eta bertatik atera ahal izango da liburua, goitik behera. Poxpolo kaxa-estutxeak Ramón Martínez Zabalegik sortutako ilustrazio bizi eta psikodelikoa izango du. Estutxearen alde batean, Indiako poxpolo-kaxen estetika gogorarazten duen ibai ondoko paisaia psikodelikoa ikus daiteke. Poxpolo-kaxaren beste aldean, paisaia bera aurkituko dugu, gauez. Liburuaren eta kutxatilaren diseinua DIDARTen (Oihana Pagola) eskutik etorri da.

Ohiko argazki bidaietako argazki estilo eta estereotipoetatik ihesi, ingurua arakatzeko bide ezberdin bat ireki nahi izan da proiektu honetan: "National Geographic" begiradatik harago, inguruarekin eta bertako biztanleekin harremantzeko beste modu batzuk arakatu dira. Horregatik, poxpolo kaxa batekin eraikitako kamera batekin egin ziren bidaiko argazkiak.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!