Odol Emaileen Elkartetik hamahiru hernaniar omenduko dituzte azaroaren 30ean diplomekin. Zehazki, donazio zifra borobila bete berri duten emaileak omenduko dituzte: odola 25, 40, 50, 60 eta 75 aldiz eman duten pertsonak.
25 odol ematerekin omenduko dituzte: Ainhoa Apezetxea, Iñaki Azkarate, Karmele Bilbao, Edorta Fuertes, Iñaki Garcia, Aitor Huici eta Mari Carmen Oruezabala. 40 estrakziorekin Maria Olatz González, Maria Soraya Iturralde eta Mercedes Murua omenduko dituzte. Teodoro Merinok 50 estrakzio egin ditu, Mila Azkuek 60 eta Mikel Leizak 75 odol emate bete ditu.
Omenduak 13:30etan bilduko dira Gudarien Plazan argazki bat ateratzeko. Momentu berezi hori jasota, berehala Tripontzi Jatetxera joango dira odol emaileak, bazkaltzera. Diplomak postrearekin batera banatuko dituzte.
Abenduko zitaren faltan 452 estrakzio egin dira aurten
Omenaldiaz gain, Odol Emaileen Elkartetik jakinarazi dute beherakada haundia izan dela odol estrakzioetan azken urteetan: «Pandemiak kalte haundia eragin zuen, jendea jada ez da garai batean bezala etortzen, eta jubilatzen den jendearekin jaitsiera nabarmena da». Aurtengo estrakzioak ondorengoak izan dira: Urtarrilean, 30; otsailean, 50; martxoan, 40; apirilean, 38; maiatzean, 32; ekainean, 45; uztailean, 40; abuztuan, 35; irailean, 50; urrian, 48; eta azaroan 44. Horregatik, deialdia egin diete herritar guztiei odola ematera animatzeko.
Beraz, aurten oraingoz 452 estrakzio egin dira eta abenduko datuekin 500 estrakzioetara iristea espero da. Estrakzioak 17:00etatik 20:40etara egingo dituzte anbulategian hilabeteko lehendabiziko asteartean.