Duela 13 urte Kronikan

Aitor Olalla: «Motorra, bolantea eta erruedak dituen guztia gustatzen zait, baita traktoreak ere»

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 19a, 08:56

Aitor Olalla, Suzuki GSXR 1000ren gainean dagoela.

2011ko azaroaren 19ko Kronikan argitaratutako elkarrizketa
Irakurri egun horretako Kronika osorik hemen

Motorraren mundua bizi duen edonorentzat txapelketetan parte hartzera iristea da ametsetako bat. Aitor Olalla 33 urteko hernaniarrak aurten bete du amets hori. Iparreko Zonaldeko txapelketan hartu du parte, eta emaitza oso onak eskuratuta, laugarren bukatu du sailkapen orokorrean. Barrutik ezagutu du txapelketen mundua, eta esperientzia guztiek bezala, gauza onak eta ez hain onak bizitu ditu. Guztiak kontatu dizkio Kronikari, ondorengo lerroetan.

Motoziklismo txapelketak, aurreneko pertsonan bizitu ditu aurten, Aitor Olalla her­nanirrak. Txikita­tik du mo­torrerako afizioa, eta bo­lan­tea eta erruedak dituen orok ematen dio atentzioa. Hala ere, inoiz gutxitan imaginatu du bere burua txapelketetan parte hartzen, baina gauza baten atzetik bestea datorrela esaten da askotan, eta hala gertatu zaio aurten Aitor Olallari.

2003an atera zuen zilindrada haundiko motoak gida­tzeko baimena, eta berehala erosi zuen aurreneko motorra, Honda CBR 1000. Afizionatu guztiak bezala, herriko eta inguruko karreteretan egin zituen aurreneko kilometroak, baina lagun batzuen gomendioa jarraituta, zirkuitoetan probatzea erabaki zuen. Probatu... eta ezin utzi! Hor hasi zen dena: «hasiera batean disfrutatzeko asmoarekin joaten nin­tzen zirkuitoetara, bai Motorlandera (Teruel) eta baita Los Arcosera (Nafa­rroa), eta denbora onak egiten hasi nintzen. Lagunek eta zirkuitoetan elkartzen den jende eta pilotoek txapelketetan parte hartzera animatu ninduten, eta osabak emandako pausuari esker sartu nintzen mundu honetan».

Asturiaseko talde batekin, aurreneko lasterketak

Olallaren osabak eman zuen pau­su definitiboa. Zirkui­toe­ta­rako joan-etorrian Astu­riano ba­­­tzuk ezagutu zituzten, eta hauek txapelketetan parte har­tzeko ekipo bat zu­ten. Hala, o­sabak ilobaren berri eman zien: «osabak kontaktatu zuen be­rai­ekin, Mo­torland eta Los Ar­co­se­ko zirkuitoetan egiten nuen den­boren berri eman zien, eta pro­ba bat egin zidaten be­raiek esandako zirkuitu batean. Nola ko­rritzen nuen gustatu, eta beraiekin korritzen hasi nin­tzen. Ezin hobeto hasi zen de­na».

«Amateur mailako txapelketetan parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: bat, lehendik txapelketa batean inoiz korritu ez izana; eta bi, motorra seriekoa izatea, aldaketa askorik gabea»


Ekipo eta guzti, lasterketetarako motor berria erosi zuen Olallak, Suzuki GSRX 1000. Jantzia egin, motorra puntuan jarri eta lasterketarako prest zen. Amateur mailako lasterketetan parte hartzeko bi baldintza bete behar dira: aurrenekoa, lehendik txapelketa batean inoiz korritu ez izana, ezta zilindrada gutxiagoko motorrekin ere; eta bigarrena, motorra seriekoa izatea, hau da, aldaketa askorik gabea, asko jota tubo-eskapea eta amortiguadoreak aldatuta. Olallak bi baldintza bete­tzen zituen, eta beraz, Iparreko Zonaldeko txapelketan hartu zuen parte.

Laugarren, Iparreko Zonaldeko txapelketan

Iparreko Zonaldeko txapelketa, hiru txapelketek osatzen dute: Aragoiko txapelketak, Iparreko txapelketak, eta Open Kopak, eta bakoitzean lortutako emaitzak orokorrerako puntuatzen dute. Olallak hasiera ezin hobea izan zuen txapelketen munduan, aurreneko bietan podiumean bukatzea lortu baitzuen, hirugarren postuan helmuga pasata. Hirugarren­go txa­pelketan ordea, Motor­landen korritutakoan, freno gabe geratu zen ia hasieratik, eta hala egin behar izan zuen ia lasterketa osoa. Hiru emai­tzen batura eginda, laugarren bukatu zuen txapelketa oro­korra, Iparreko Zonal­dekoa.  Beraz, eta kontuan izan­da aurreneko urtea due­la, gustura da lortutako emai­tzarekin: «balorazioa ona da, lagunek ere hala esaten didate. Eki­poa­rekin izandako arazoak ordea, diru asko gastatzea suposatu didate, eta hori da alde negatibo bakarra».

Txapelketako bigarren lasterketa Los Arcosen korritu zen, eta Hernaniko eta Bur­goseko jende ugari gerturatu zen bertara, Olalla animatzera. Nonbait, ekipoko arduradunari ez omen zi­tzaion hainbeste jende boxeetan egotea gustatu, eta Olallari momentuan zerbait esan beharrean, hurrengo karreretan boxetik kanpo uztea erabaki zuen: «ez zidan inongo esplikaziorik eman, eta ondorenean jakin dudan guztia eta gero, badakit jendearena aitzakia besterik ez zela izan. Hasibe­rrietaz aprobetxatzen dira, eta gure ezjakintasunaz baliatu ziren».

«Ordutik aurrera nire kabuz egin behar izan nuen guztia»

Ekiporik gabe, Olallak berak egin behar izan zuen handik aurrerako guztia: boxak alkilatu, dirua aurreratu, motorra konpondu... lagunen eta fa­miliaren laguntza ezinbestekoa izan dela aitotu dio pilotak Kronikari: «eskerrak lagunen, familiaren eta jefearen laguntza izan dudan. San Joanetan esaterako, gau elektronikoko barran ateratako dirua nire­tzat izan zen, eta kamiseta batzuk ere jarri genituen salgai. Horrez gain, diruz ere lagundu didate».

Motorreko kirol guztiak garestiak direla jakina da, eta kostu hori guztia pilotoak bere gain hartzea ezinezkoa da. Federatzeak 300 euro, karrera bakoitzak 100 euro, aldiro erruedak aldatu beharra... datorren urtera begira, patrozinadorea edo laguntza beharko du Olallak aurtengo bideari jarraipena emateko. Hala ere, gogoz eta ilusioz da, etorkizunari aurre egiteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!