2025eko inauteriak iragartzeko kartel lehiaketa martxan jarri du Hernaniko Udalak, eta abenduaren 9ra bitarte aurkeztu ahal izango dira lanak. Lehiaketa irabazten duenak, 700 euroko saria jasoko du: 350 euro eskudirutan eta gainerakoa, Berriakeko establezimenduetan baliatzeko.
Abenduaren 9ko eguerdiko 14:00ak bitarte egongo da lanak aurkezteko aukera, Biteri Kultur Etxean edo kultura@hernani.eus-era bidalita. Lanarekin batera, egilearen datuak ere aurkeztu beharko dira, eta aurrez aurre bada, aparteko gutun-azal batean egin beharko da.
Aurkezten diren lanen artean lau aukeratuko ditu Inauterietako Jai Batzordeak eta ondoren, herritarrek horien artean gustukoena aukeratuko dute. Bozketa herrikoia abenduaren 12tik 22ra izango da, online bidez edo Biterin bertan. Urtarrilaren 13an iragarriko da kartel sariduna.
Lehiaketako oinarri nagusiak
Lehiaketan parte hartzen dutenek zenbait oinarri izan beharko dituzte kontuan. 16 urtetik gorako pertsona orok parte har dezake lehiaketa honetan. Kartelari dagokionez, lanak 'HERNANIKO INAUTERIAK 2025' goiburua eraman beharko du ezinbestean. Jatorrizko lanen neurriak honakoak izango dira: 32cm-ko zabalera eta 48cm-ko altuera izango dute. Ezinbestekoa da formatu digitalean aurkeztea, eta aukerakoa, paperean edo/eta kartoi-lumazko euskarrian, kolore orotan eta edozein modalitate artistikotan. Lana formatu digitalean 300 ppp-ko erresoluzioan eta CMYK-rako koloretan aurkeztu beharko da.
Bai online bidez, baita aurrez aurre aurkeztutako lanetan, lanak jaso izanaren ziurtagiria edo mezua jasoko dute egileek, beraz, erantzunik jasotzen ez bada, lanak behar bezala iritsi ez direnaren seinale izango da. Bestalde, ez da onartuko adimen artifizialarekin edo elkarrizketa-laguntzaileekin sortutako lanik; ez eta idatzizko zein irudien erabilera sexistarik.
Oinarri nagusiez gain, animatzen direnek, oinarri taula osoa gainbegiratu beharko dute, ikusgai direnak jadanik www.kultura.hernani.eus-en.