Hernaniko mutilen senior taldeak bolada onarekin jarraitzen du, Euskal Ligan. Zazpigarren garaipena lortu zuen, 0-3, Udapa Jatorkide jubenil taldearen aurka. Zazpitik zazpi garaipen lortu dituzte hernaniarrek, amesteko moduko hasiera batean eta Udapa Jatorkide senior taldearekin batera lidertzan daude hernaniarrak 20 punturekin. Gasteiztarra Euskal Herriko klub sendoenetakoa da eta jubenilek seniorrekin jokatzeko maila dute.
Hala ere, Hernanik ongi menderatu zituen gasteiztarrak hiru jokoetan. Lehenengoa erraz irabazi zuten bisitariek 15-25, bigarren seta izan zen lehiatuena eta Hernanik 24-26 lortu zuen bere aldera eramatea. Azken setean, berriz ere, nagusi izan ziren hernaniarrak, 17-25.
Igande honetan, eguerdiko 11:30etan, lehenengo bi sailkatuen arteko partidua jokatuko da Hernaniko kiroldegian. Udapa Jatorkide senior taldea izango da bisitari eta orain arteko partidurik zailena izango dute aurrez aurre hernaniarrek.
Beste sei garaipen eta bost porrot, asteburuan
Pasa den asteburuan denetariko emaitzak izan ziren. Aipatutako garaipena kontutan hartu gabe, beste sei partidu irabazi zituzten talde hernaniarrek. Horietako bi, hernaniarren arteko norgehiagokak izan ziren. Beraz, izan ziren bost porrotetatik bi, hernaniarren arteko partiduetan izan ziren. Infantil nesketan 0-3 eta 1-3 galdu zuten Hernani 1 eta 2 taldeek, Aiztondo 1 eta Oarso Urdina taldeen aurka. Infantil mutilek 3-1 galdu zuten Bera Beraren aurka. Hernani 1 talde kadeteak ere Bera Beraren kontra 3-1 galdu zuen.
Garaipenak lortu zituzten kadete nesken hiru taldeetatik bik. Hernani 3 eta Hernani 2 taldeek, Hernani 1 (2-3) eta Ostadarren (3-0) kontra irabazi zuten. Hernani 2 kadete mutilek 2-3 irabazi zuen Ipar Titanaken kontra. Jubeniletan, nesken arteko derbian, Hernani 1ek 3-1 irabazi zuen Hernani 2ren kontra. Mutilek 1-3 irabazi zuten Ipar Titanaken kontra.