Udalak Musika Bandan aritutako 3 saxojole omenduko ditu gaur arratsaldean. Antonio Garnateo Galanek 50 urte egin ditu Hernaniko Musika Ban dan saxofoia jotzen eta Juan Arzallus Garmendia eta Miguel Mari Lizarza Azpirozek, 25 urte. Omenaldia gaur arratsaldeko 20:00etan izango da Udaletxeko pleno aretoan.
Gaurko omenaldia ilusioz hartuko dutela adierazi digute hirurek ere, egindako lana errekonozimendua izango baita.
Bandako 4 zuzendari ezagututako saxojole
Antonio Garnateo, bandan egindako 50 urteetan, 4 zuzendari ezberdinen gidaritzapean izan da: Jose Antonio Ruiz Bona, Juan Jose Iruretagoiena, Manuel Sagarna eta egun zuzendaria den Zipri Otxandorena.
Antonio Garnateok saxofoi altua jotzen du eta egun dakiena Jose Antonio Ruiz Bona zuzendariari zor diola azaldu digu: “Bona karreradun zuzendaria zen, eta instrumentu pila bat jotzen zituen. Astean bitan, ensaioen aurretik biltzen nintzen berarekin eta saxofoia jotzen irakatsi zidan. Orduan ez zegoen kontserbatoriorik” azaldu du. Aurretik zerbait ba omen zekien: “Badajozen arotz lanetan hasteko eskatzen zuten instrumenturen bat jotzea eta orduan ere ikasi nuen zerbait” dio. Gustoko musika estiloen artean Zartzuela aipatu digu Garnateok.
Manuel Sagarnaren ikasle fina
Miguel Mari Lizarza 13 urterekin hasi zen saxofoi tenorea jotzen: “Solfeo ikasketak bukatuta, Manuel Sagarnak irakatsi zidan saxofoi tenorea jotzen, armairuan geratzen zen instrumentu bakarra zen. Ondo gogoratzen dut saxofoi zahar hura, Antziolatik Udaletxeko eskaileretan gora arrastan eramaten nuen.” Rag Timea du gustoko musika estiloa, dantzatzeko moduko jazz musika, bere hitzetan.
Miguel Mari Bandako lehendakaria izandakoa da eta San Joanetako Preludioa martxan jarri zuenetako bat. Lan haundia izan omen zen herriko talde ezberdinak koordinatzea, baina pozik dago ikusten baitu urtetik urtera hobera dijoala preludioa.
Bandako lehendakaria
Juan Arzallus Bandako lehendakaria da gaur egunean, eta 17 urterekin hasi zen saxofoia jotzen: “aitonak ere klarinetea jotzen zuen bandan eta hortik ere etorri zitzaidan hasteko gogoa”. Juan Jose Iruretagoiena zuzendari zenean sartu zen bandan, saxofoi baritonoa jotzera. Estilo aldetik denetarik gustatzen zaiola adierazi digu. Bandan egindako urteak oso onak izan direla dio: “eguneroko lanetik beste giro bat aurkitu dut eta kultura musikala garatzeko aukera eman dit” azaldu digu.
Zipri Otxandorena bandan hasi denetik estilo berriak landu dituzte bandan: “jendeari esan nahi nioke errepertorio berria dugula eta adi egoteko kontzertuetan”dio.