Bi marka berri jarri zituzten Oialumen Barrenetxeak eta Arrutik, giro ederrean

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 18a, 00:00

Txalo zaparrada haundia jaso zuen Malen Barrenetxeak lanak bukatu orduko.

Barrenetxeak 15:27 denboran ebaki zuen oinbikoa eta Arrutik 43:38 denboran kanakoa.

Ikusmin haundia sortu zuen atzo Martindegin antolatu zuten San Martinetako herri kirol saioak. Bi errekor saiakera programatu zituzten, eta bi marka berri jartzea lortu zuten Malen Barrenetxea hernaniarrak eta Nerea Arrutik. 

Barrenetxea izan zen lanean hasten lehenengoa. Oinbiko enbor bat zuen aurrez aurre aizkolari hernaniarrak, eta 15 urtekoen marka jartzea zen helburu nagusia. 15 minutu eta 27 segundu behar izan zituen hernaniarrak lanak bukatzeko, eta txalo zaparrada ikusgarria jaso zuen amaitu orduko. 

Arrutirena ere ez zen erronka makala. Punta puntako aizkolaria da urnietarra, eta marka polita utzi du kanako enborrarekin, etor daitezkeen erronketarako abiapuntu modura. Arrutik 43 minutu eta 38 segundu behar izan zituen enborra ebakitzeko, eta nahi bezain gustura ez aritu arren, pozik amaitu zuen saioa. 

Punta puntako desafioarekin borobildu zuten goiza

Parrandarik ez bazen ere, festa giroa nagusitu zen atzo Oialumen. Xabi eta Kristiñe Solano arduratu ziren musika jartzeaz, eta punta puntako erakustaldi eta desafio batekin borobildu zuten herri kirol saioa. Harrijasotzen Xabat Olaizola eta Maddi Gesalaga aritu ziren, erakustaldi dotorea eskainita. Aizkoran, berriz, Vicente, Saralegi, Basozabal eta Soroa. Desafio ezberdinak egin zituzten hauek, bertaratutako publikoaren gozamenerako.

San Martinetako festa ondo bukatzeko, bazkari baten bueltan elkartu ziren Martindegiko bizilagunak, eta dantzaldia egin zuten arratsaldean.

Erlazionatuak

San Martinetako Herri Kirol saioa

Kronika - Erredakzioa aza 17 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!