Ansak eta Juaneneak irabazi zuten orain arteko partidurik gogorrena

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 17a, 00:00

2-1 irabazi zuten Urriza-Larrañaga bikotearen aurka. Set erabakigarria 8-7 amaitu zen. 

Partidu ikusgarria jokatu zuten ostiralean Ansa II-Juanenea eta Urriza-Larrañaga bikoteek, txapelketa honetan jokatu duen gogorrena eta zirraragarriena. Ansak eta Juaneneak 2-1 irabaztea lortu zuten, eta lortutako bi puntuekin aurrera egiteko aukerak mantentzen dituzte. 

Lau erremontariek jokatu zuten oso maila altuan, eta lehenengo setetik nabaritu zen lehiakortasuna. Ansa eta Juanenea aurreratu ziren markagailuan, 14-10 jarri ziren, baina Urrizak eta Larrañagak zuloa ixtea lortu zuten. 14-15 izan zen lehenengo partzialeko emaitza. Bigarren setean ere gorriak aurreratu ziren markagailuan, baina kasu honetan ez zuten hutsik egin; 15-12 irabazita berdindu egin zuten partidua. 

Gauzak horrela, hirugarren setean erabaki zen norgehiagoka. Urrizak eta Larrañagak bikain ekin zioten jokoari, eta 0-5 aurreratzea lortu zuten Urrizaren tanto ikusgarriekin. Hala ere, Ansak eta Juaneneak ez zuten amore eman, eta 7-7 berdintzea lortu zutenean ginga jarri zioten partiduari. Ezker paretera ondo sartutako pelotakada batekin lortu zuten garaipena. 

Une honetan interesgarri daude kontuak sailkapen orokorrean. Ansak eta Juaneneak 2 puntu besterik ez dituzte, baina erakutsitako jokoarekin argi geratu da sasoi onera gerturatzen ari dela bikotea. Datozen jardunaldietan argituko dira gauza gehiago.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!