Edukiak errepasatu eta barneratzen laguntzeko prest daude Hernaniko akademiak

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 16a, 00:00

Onddiko eta Tilosetako akademietan errefortzu klasea 4 edo 5 ikaslek osatzen dute.

Ikasgai guztiak menperatzeko aukera dago Hernaniko Onddi Akademiak eta Tilosetako Akademiak eskaintzen dituzten errefortzu eskoletan. 

Ohikoa da ikasleek ikasketa prozesu luzean kanpoko laguntza behar izatea, eta hutsune hori betetzen dute egungo akademiek. Gaur egun, kurtsoa hasi eta gazte askok ematen dute akademia batean apuntatzeko pausua, izan ikasgai bat barneratzeko zailtasunak, ulermen arazoak edota beste arreta mota bat beharrezkoa dutelako.

Zerbitzu hau jasotzeko aukera dago Hernanin bertan, eta herriko ikasle asko gerturatzen dira Onddi Akademiara edota Tilosetako Akademiara, besteak beste. Hernaniko erdigunean kokatzen dira, beraz, oso eskura dagoen zerbitzu bat izanik, Hernaniko ikasle asko eta asko pasa dira akademia hauetatik. Biek aitortu dute, orokorrean bi perfil ezberdinetako ikasleak izaten direla nagusienak: «Batetik, ikasle asko ikasgairenbat gainditzeko helburuarekin gerturatzen  dira guregana, baina beste batzuk, nota jakin bat lortu behar dutelako etortzen dira, ezinbestekoa baitute ondoren karrera batean sartu ahal izateko».  Helburu nagusiena zein den ere argi ikusten dute: ikasleen ikasketa ibilbidean bidelagun papera izatea.

Ikasketekin laguntza ematea da beraien xedea. Onddi Akademian adibidez, Lehen Hezkuntzatik Batxilergora bitarte eskaintzen dute errefortzua. Bereziki, zenbakiak protagonista diren ikasgaiak lantzen dituzte: matematika, fisika, kimika, ekonomia edota letretako matematikan aritzen dira. Akademiaren indargunea, batez ere, batxilergoko ikasgaiak direla azaldu du Akademiak, eta bereziki, matematika, fisika eta kimika edota marrazketa bezalako ikasgaietan daude espezializatuak. Tilosetako Akademian ere Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoko ikasgaietan laguntzeaz gain, unibertsitateko zenbait ikasgaietan ere eskaintzen dute laguntza. Akademiak azaldu du, asignatura guztietan laguntzen duten arren, ikasle gehienak zientziako ikasgaietan dituzten zailtasunengatik gerturatzen direla.  

Onddik eta Akademiak aitortu dute, ikaslearen beharretara egokitzea dela akademia baten gakoa, gazte bakoitzak behar ezberdin bat duelako: «Urtero ikasle multzo ezberdinak igarotzen dira akademiatik, eta gazte bakoitzak arreta ezberdin bat behar duenez, ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen saiatzen gara», azaldu du Onddik. Klaseko funtzionamendua ere ezberdina izaten da ikasle talde bakoitzarekin: «Agian batek ez du ikastolan azaldu diotena ulertu eta guk berriz azaltzen diogu, beste batek agian ariketak egin nahi ditu, eta batzuek edozein zalantzaren aurrean lagunduko diegula sentitzea besterik ez dute behar», gaineratu du Onddik. 

Talde txikien alde egiten dute biek: «Gehienez lau ikasle izaten dira talde bakoitzeko eta adin berdinekoak. DBHko errefortzuak ordubetekoak izaten dira, eta Batxilergokoak, berriz, ordu eta erdikoak», dio Onddik. Tilosetako Akademian ere 4 edo 5 pertsonako klaseak izaten dira, hala ere, ikasle bakoitzak berea egiten duela diote: «Batzuetan errepasoak egitean arbela erabiltzen dugu eta denok batera aritzen gara, baina normalean klaseko ikasle bakoitza berera dago, eta nik bakoitzari arreta pertsonalizatua eskaintzen diot». Orokorrean, Hernaniko ikasleak izaten dira Onddira eta Tilosetako Akademiara gerturatzen direnak, baina Urnietatik, Astigarragatik, Andoainetik eta Donostiako zenbait ikastetxetik ere hurbiltzen dira. 

Azterketa garaian izaten da mugimendu gehiena akademietan, eta aste horietan ikasleei gertutasuna ematen saiatzen direla azaldu du Onddik: «Ikasleak gustura sentitzea eta arreta pertsonalizatua ematen saiatzen gara, bereziki azterketa garaian». Tilosetako Aakdemiak aitortu du nola ikasi eta nola antolatu erakustea dela gakoa: «Ikasle bakoitzari ikasteko balio dion metodo egokiena zein den erakutsi behar diogu. Garrantzitsuena ikasleak egiten duena ulertzen duela bermatzea da. Beraien bidelagun izan behar dugu ikasleen ikasketa prozesuan, beraien helburuak lortzera bidean».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!