Bolada onari segida ematera, Gasteizera

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 16a, 00:00

Hernanik Jatorkideren kantxan jokatuko du Euskal Ligako zazpigarren partidua, bihar 12:00etan.

Ezin hobeto hasi du Euskal Liga, Hernaniko mutilen taldeak; eta Gasteizera joango da bihar, bolada onari segida ematera. Udapa Jatorkideren talde gaztearen kontra jokatuko du, eguerdiko 12:00etan hasita Judimendin.

Orain arteko sei partiduak irabazita, sailkapenaren gorenean daude hernaniarrak, Udapa Jatorkideren talde seniorrarekin berdinduta, hain juxtu.

Irabazi beharreko partidua daukate biharkoa, sailkapenean nabarmen beherago dagoen talde baten kontra.

Hernaniko nesken talde nagusiak, berriz, Zarautzen jokatuko du Gipuzkoako Txapelketako bigarren partidua, Aidean talde­aren kontra. Aritzbatalde kiroldegian ariko dira gaur, arratsaldeko 18:00etan hasita. Eta Gipuzkoako Ligako mutilek Donostian daukate zita gaur, 12:00etan Bidebietan, Ipar Titanak taldearen kontra.

Neska jubenilen taldeak, elkarren kontra gaur

Etxetik kanpo jokatuko dute Hernaniko hiru talde nagusiek asteburuan, baina izango dute herrian bertan boleibolaz gozatzeko aukera hernaniarrek. Izan ere, elkarren kontra ariko dira neska jubenilen bi taldeak (Hernani 1 eta Hernani 2), gaur eguerdiko 12:00etan kiroldegian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!