«Herritarrek erabakitzeko aukera izan behar dute proiektu eolikoak gauzatzeko, eta kasu honetan ez da betetzen»

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 16a, 00:00

Hernani Burujaberen eolikoen lantaldeko kideak, agerraldian.

Bideak, Sagarretak eta Enherkomek adierazi dute ez direla «onargarriak» Hernaniko lurretan eraiki nahi dituzten parke eolikoak: «horrela ez». Uste dute ezinbestekoa dela proiektu eolikoak herritarrekin eta eragile publikoekin lantzea.

Proiektu eolikoen gaiarekin kezkatuta, Hernani Burujaberen baitan lantaldea osatu dute Bidea herritar taldeak, Sagarreta Natur Taldeak eta Enherkom energia komunitateak, Hernaniko Udalarekin eta Ereñotzuko Auzo Udalarekin batera. Aurreneko hiruek, agerraldia egin zuten asteazkenean, bere iritzia plazaratzeko; eta garbi adierazi zuten ez zaizkiela «onargarriak» iruditzen «Hernaniko lurretan eraiki nahi dituzten parke eolikoak; horrela ez».

Argitu zuten, hasteko, «beharrezkoa» dela «iturri berriztagarrien aldeko apustua» egitea, energia fosilak ordezkatzeko: «Klima larrialdi egoeran gaude; bioaniztasun galera eta ondare naturalaren kaltetzea atzera ezinezko prozesu batean sartuta gaude, eta deskarbonizazioa bultzatzeko neurriak hartu behar ditugu». Gaineratu zuten, era berean, «oso menpekotasun energetiko haundia» daukala Euskal Herriak, energia kanpotik ekarrita eta energia fosiletan oinarrituta; eta Hernanik ere «kontsumitzen duen energiaren oso zati txikia» sortzen duela: «Horrek esan nahi du burujabetzatik oso urrun gaudela, eta energia bertan sortzen apustua egin behar dugula. Izan ere, Hernanira energia ekartzeko, beste toki batean ari dira sortzen ondorioak». Edonola ere, uste dute ezin dela jarraitu «arpilatzean eta xahuketan oinarritutako sistema honekin, gure planetak jasan ditzakeen marra gorriak gainditzen ari gara eta. Berriztagarrien aldeko apustua eginda ere, energia sortzeko proiektuez inguratuta egon nahi ez badugu, desazkundera jo behar dugu. Gure planetak eman diezagukeena baino askoz ere gehiago xahutzen dugu».

Dena den, garbi daukate beharrezkoa izango dela energia sortzea, eta «iturri horien gaineko burujabetza ahalik eta haundiena» izatea. «Enherkom bezalako energia komuniteak behar ditugu horretarako, baina ezinbestekoa izango da sektore publikoaren inplikazioa ere».
 

«Ezinbestekoa da proiektuak herritarrekin eta eragile publikoekin lantzea»

Hori guztia azalduta, hainbat arrazoi eman zituzten, Urumea bailaran jarri nahi diren zentral eolikoen aurka: «Batetik, ez datoz lurralde antolaketa edo plangintza publiko baten arabera. Are gehiago, oraingoz aurkeztu diren dokumentuen arabera, Eusko Jaurlaritza egiten ari den Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak jasotako instalazio eolikoetarako, balizko kokalekurik ez dago Hernanin eta Urumea bailaran. Bestetik, kokalekua erabakitzeko garaian, efizientzia energetikoaren izenean, errentagarritasun ekonomikoa jartzen da gure mendien aberastasun natural eta arkeologikoaren gainetik. Balio haundia duten eremuetan eragingo lukete proiektuek, eta herritarrek ez dute aukerarik izan eztabaidatzeko ere. Ondoren egiten dituzte ingurumen inpaktuaren azterketak, legeak hala behartuta. Gainera, ezagutzen ditugun multinazional energetikoen eskutik datoz proiektuak, eta haientzat ez da lehentasuna faktore horien arteko oreka bermatzea, haien irabazi tasak haunditzea baizik. Eta azkenik, badakigu zenbait kasutan euren lan esparrua energia fosiletan dagoela batez ere, eta beraz, horiek berriztagarriekin ordezkatzea baino gehiago, berriztagarriekin negozio bolumena haunditzea eta irabazi haundiagoak lortzea dute helburu».

Gauzak horrela, uste dute «ezinbestekoa» dela proiektu eolikoak «herritarrekin eta eragile publikoekin batera lantzea», eta herritarrek erabakitzeko aukera izatea: «Kasu honetan, eta aurrera begira enpresek izan ditzaketen asmoak zein diren guztiz jakin gabe ere, baldintza hori ez da betetzen».

Zentzu horretan, diote «modua» bilatu behar dela proiektuaren sorreratik «herritarren partehartzea bermatzeko, haren dimentsioan, kokalekuan, diseinuan eta kudeaketan. Jabetzan ere parte hartzeko modua izan behar dute, eta kasu honetan ez dugu bermatuta ikusten». Garbi daukate Hernanik bere bidea egin behar duela energia berriztagarriak hedatu eta energia fosilak baztertzeko, eta «eragile aktibo» gisa jokatu nahi du Hernani Burujabek, bide horretan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!