«Zoritxarrez behar ditugu horrelako proiektuak, baina eskatzen dugu herritarragoak izatea»

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 16a, 00:00

Xabier Lertxundi alkatea, Kronikari proiektu eolikoen inguruko azalpenak ematen, udaletxeko bulegoan.

Bi proiektu eolikoren ordezkariak izan dira Hernaniko Udalarekin harremanetan, baina ez diete informazio zehatzik helarazi, Xabier Lertxundi alkateak azaldu duenez: «Guk helarazi diegu proiektuek kezka sortu dutela herrian, eta herritarren partaidetza eduki behar dutela. Ziurrenik inork ez du hau nahi, baina zoritxarrez behar ditugu energia berriztagarrien azpiegiturak. Edozein modutan? Noski ezetz».

Aldizkari ofizialen bitartez izan zuen Hernaniko Udalak ere, herriko lurretan egiteko tramitatzen ari ziren proiektu eolikoen berri. Bata Madrilen, Espainiako Gobernuaren Ministeritzan, 50 megabatiotik gorakoa delako eta Gipuzkoa eta Nafarroa ikutzen dituelako. Bestea Eusko Jaurlaritzan, soilik bost haize-errota jarri nahi dituztelako, Hernaniko lurretan.

Geroztik, Udalarekin harremanetan izan dira bi enpresa sustatzaileak, eta bilerak egin dituzte: hiru edo lau proiektu haundikoarekin, FE Energy galiziarrarekin (Repsol dago proiektuaren atzean); eta bakarra txikikoarekin, Ikatzgain proiektua aurkeztu duen enpresa bizkaitarrarekin. «Ez digute zehaztasun haundirik eman orain arte», azaldu du Xabier Lertxundi alkateak: «FE Energyk aurreko astean erakutsi zigun pantailan, aurreneko aldiz, haize-erroten kokapen zehatza zein izango litzateken. Laster egingo da publiko hori».

Bilera horietan, «ahalik eta informazio gehien» biltzen saiatu da Udala, eta bi enpresei helarazi die «herrian kezka sortu dutela proiektuek. Horretaz kontziente izan behar dute. Kontua ez da proiektu batekin etorri eta edozer egitea edozein modutan. Herritarren kezkak helarazteko eragile bat izango da Udala, eta azaldu genien, herritarren partaidetza eduki behar dutela horrelako proiektuek; kolaborazio publiko komunitarioak izan behar dituztela. Tendentzia izan daiteke enpresa etorri eta konpentsazio bat ematea. Baina gu beste pauso bat eskatzen ari gara, proiektu hauek herritarragoak izatea».
 

«Azpiegitura hauen inguruan hausnartu behar dugu, baina baita energia kontsumoaren inguruan ere»

Zentzu horretan, bi proiektuen berri zabaldu zenean, Bidea herritar taldeak eta Sagarreta Natur Taldeak jo zutela Udalarengana, informazio eske: «Gure jarduna izango da herritarrei eta eragileei helaraztea daukagun informazio guztia, enpresekin bilerak egiten ditugun aldiro. Bidearekin eta Sagarretarekin egindako bileretan, komentatu genuen jendeak kontziente izan behar duela zein proiektu datozen, eta proiektu horiek zergatik diren beharrezkoak. Alegia, gure energia kontsumoaren informazioa eta hausnarketa ere behar genuela». Hortik sortu zen, Hernani Burujaberen baitan, eolikoen ingoruko lan mahaia, Bideak, Sagarretak, Enherkomek, Hernaniko Udalak eta Ereñotzuko Auzo Udalak osatzen dutena: «Nahi dugu jendeak iritzi bat eduki dezala behin informazioa jasota, eta lanketa horretan ari gara», azaldu du alkateak.

Zentzu horretan, adierazi du Udalak ezin duela «postura jakin bat» hartu, proiektua ezagutu gabe: «Ziurrenik inork ez dugu hau nahi, baina zoritxarrez behar ditugu energia berriztagarriak. Hori da egin behar dugun ariketa. Ezin dugu esan 'energia berriztagarriak bai, baina nire herrian ez badira'. Postura hori ezin dugu eduki, ez udal batek eta ez herritarrek. Horregatik uste dugu prozesuak abiatu behar ditugula, herrian bertan gaiaz hitz egiteko, jendea kontzientziatzeko, informazioa edukitzeko... Eta horren baitan, hainbat erabaki, ildo eta iritzi eraiki, bakoitzak berea. Gaur egun ez ditugu proiektuak zehatz-mehatz ezagutzen. Kezka sortzen dute, noski, baina ezin dugu esan alde edo kontra gauden, ezagutu gabe. Afekzioak izango ditu, zalantzarik gabe. Zenbaterainokoak diren, sarbideak argi eta garbi non izango lirateken, zein kalte eragingo lituzketen... Proiektua aurkeztean jakingo dugu».

Hausnarketak bi ildo izan behar dituela uste du alkateak: «Azpiegitura hauen inguruan hausnartu behar dugu, baina baita energia kontsumoaren inguruan ere. Segur aski, guztiok nahiago genuke proiektu hau gure herrian ez edukitzea, baina energia berriztagarriak sortzen dituzten azpiegiturak behar ditugu. Hernaniko Udalak badauzka politikak bide horretan, energia fotoboltaikoa sortzeko; baina zoritxarrez ez dira nahikoak izan, askoz ere gehiago behar dugu. Eta garbi dago energia kontsumoa ez dela hainbeste jaitsiko bat-batean, azpiegitura hauek behar ez izateko. Edozein modutan? Noski ezetz. Ondo aztertu behar da zer eta nola, eta horretarako, protagonismoa izan behar dugu herritarrek eta udalek».

«Ezin diogu ondoko herriari bizkarra eman»

Urumea Arnasturen baitan ere landu dute gaia Hernaniko, Ereñotzuko, Aranoko eta Goizuetako udalek: «Uneoro gaude harremanetan, kontrastatzeko enpresen aldetik jasotzen dugun informazioa, eta partekatzeko bakoitzak dakiena eta herrietan sortu diren mugimenduak. Izan ere, egia da enpresa hauek beldurra ematen dutela. Ez dira tokikoak, kanpotik datoz, azpiegitura haundiekin... Zalantza sortzen da, nola jokatuko ote duten», azaldu du Xabier Lertxundik.

Ildo horretatik, nabarmendu du «herri bakoitzari desberdin» eragingo lioketela proiektuek: «Eragin naturalaz gain, desberdin eragingo dio Aranori eta Hernaniri, adibidez. Ikusi beharko dugu bakoitzari nola eragiten dion, eta ezin diogu ondoko herriari bizkarra eman. Horretarako, harreman estua daukagu Urumea Arnastuko lau udalek».
 

«Badirudi FE Energyk urte bukaerarako aurkeztuko duela proiektua»

Epe laburreko pausoen aurreikuspen bat ere egin du Hernaniko alkateak: «Badirudi FE Energyk urte honen bukaerarako aurkeztuko dutela proiektua, eskatutako txosten guztiekin; eta publiko egiten denean, helegiteak aurkezteko epea zabalduko dute. Horixe da udalei tokatuko zaiguna, buru-belarri jarri, proiektua zorrotz aztertu eta dagozkion alegazioak aurkeztea, pertinenteak baldin badira». Jakinarazi du, gainera, enpresari eskatu diotela «proiektua publiko egin aurretik guri bidaltzea. Baiezkoa eman ziguten, ez filtratzeko konpromisoarekin. Hala eginez gero, denbora gehiago izango dugu alegazioak prestatzeko».

Aurkeztutako helegiteei erantzun beharko die Ministeritzak, eta horren ondoren, epe bat zabalduko da enpresak egokitzapen txikiak egiteko, helegiteren bati erantzuteko, adibidez. «Horren ondoren, beraien asmoa litzateke herriekin abiatzea elkarrizketa eta prozesuak, orain hasi ditugunak. Guri esan digutenez, proiektua argitaratzen denetik erabat gauzatu arte, bost urteko epea izan ohi da», azaldu du Xabier Lertxundik.

Badira beste hainbat zalantza eta galdera ere, oraingoz erantzunik ez dutenak. Besteak beste, mahai gainean dauden bi proiektuen arteko bateraezintasuna. «Ikatzgain proiektua aurkeztu zutenean, Eusko Jaurlaritzak lehiaketa zabaldu zuen, eremu berean beste enpresaren batek ere proiektua aurkeztu ahal izateko. Kontua da proiektu horrek eta FE Energyrenak bat egiten dutela kokapenean. Horregatik, FE Energyk ere aurkeztu zuen berea, nahiz eta tramitazioa ez den Jaurlaritzaren konpetentzia. Jaurlaritzak Ikatzgainen aldeko erresoluzioa eman du, baina FE Energyk esan digu helegitea aurkeztuko duela. Ez dakigu zein izango den helegite horren emaitza».

Behin-behineko erresoluzioa Ikatzgainen aldekoa izanik, ma­hai gainean dago zalantza: horrek bertan behera uzten ote du FE Energyren proiektu haundia? «Haiei galdetu genien bateragarriak ote diren, egokitu beharko luketen... Ez digute argi erantzun. Uste dut beraiek ere ez da­kitela ziur. Zentzu horretan, ba­daukagu sentsazioa abiadura lasterketa bat jokatzen ari dena, zeinek le­henago lortuko baimena».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!