«Badirudi jada inork ez duela denborarik liburu luze bat patxadaz irakurtzeko»

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 16a, 00:00

Sally Rooneyren 'Intermezzo' liburua landuko dute abenduko saioan.

'Bestelako aisialdi eredu baten alde lan egiteko' asmoz sortu dute herriko zenbait gaztek A(letu) Hernaniko irakurle taldea. Abenduaren 19an egingo dute lehenengo dinamika, eta horri buruz aritu da Kronika Axier Mendizabal taldekidearekin.

Nondik dator A(letu) sortzeko ideia? 

Ibilbide edo hausnarketa baten ondorioa dela esan dezakegu. Azken boladan gazteriaren artean dagoen aisialdi ereduari erreparatu genion, eta nabarmena da sare sozialen menpe bizi garela. Eredu hori zalantzan jartzeko hausnarketatik sortu dugu taldea, ez bakarrik literatura gustatzen zaigulako. Beste herri batzuetan, Gasteizen adibidez, martxan jarri dituzte antzeko dinamikak, eta jende dexente mugitzera iritsi dira. Esperientzia horiek ezagututa animatu ginen hemen antzeko zerbait sortzera.

Zuen aurkezpen testuan irakurtzearen garrantzia nabarmendu duzue.  

Bai. Garrantzia eman behar zaio irakurtzeari, gaitasun asko garatzeko aukera ahalbidetzen duelako. Ematen du geroz eta zailagoa dela literatura gure aisialdian txertatzea, badirudi inork ezin duela denbora hartu liburu luze bat patxadaz irakurtzeko, eta hori aldatu behar dela iruditzen zaigu. Hausnarketa horretatik abiatu ginen gu, eta pentsatu genuen irakurzaletasuna sustatzeko eta jendea kulturara hurbiltzeko ideia ona zela elkartzen hastea. 
 

Zein izango da zuen dinamika? Nola funtzionatuko du taldeak? 

Azken batean, liburua irakurri eta bertan azaltzen direnei buruz hitz egitea da asmoa. Solasaldi horietan aprobetxatuko dugu, dinamizazio baten bitartez, liburu bat aztertzeko bideorri bat sortzeko. Azkenean bakoitzak bere modura irakurtzen du, eta beti ez da erraza izaten irakurritakoari buruz hitz egitea. Dinamika hauen bidez ulermen gaitasuna lantzeko aukera izango dugu. Urteko egitaraua aurkeztu aurretik pare bat proba egin ditugu, eta horietan ikusi dugu ondorioak denon artean ateratzean beti sortzen direla eztabaidarako eta hausnarketarako bide berriak. Etorkizunera begira, herriko zenbait espaziotan formatu ezberdineko jarduerak egin nahiko genituzke. Pixkanaka joango gara lantzen. 
 

Hortaz, bakoitzaren formakuntzarako eta hausnarketarako baliagarriak izango dira saioak. 

Hori da asmoa. Literatura, arte adierazpide guztiak bezala, bada mundu baten isla; idazle bakoitzak, literatura mota bakoitzak, korronte bakoitzak, garai bakoitzak... bere munduaren isla egiten du, eta horregatik aukeratu ditugu garai eta estilo ezberdinetako liburuak. Horien bidez saiatuko gara ulertzen mundua zer izan den, zer den eta zer izango den. Hori aztertzeko beste lanabes bat da literatura. 

Bost liburu proposatu dituzue aurkeztutako egitarauan. Zer nabarmenduko zenuke? 

Esango nuke egindako proposamena oso anitza dela. Ikasturteak ez zigun ematen oso zerrenda luzea osatzeko aukera, eta denbora faltagatik ezin genuen garai bat idazle ezberdinekin aztertu. Horregatik, bost aukera oso desberdin proposatu ditugu: Dickensena XIX. mendeko eta literaturako klasiko haundienetako bat da; Sally Rooneyrena atera berri den liburua da, idazle gaztea da, baina dagoeneko ezaguna da mundu mailan; Kobayashi gazte erail zuten militante komunista bat zen, eta bere nobelaren itzulpena irakurriko dugu; eta azken bi proposamenak Chirbesen 'Los viejos amigos' eta Beñat Sarasolaren 'Deklaratzekorik ez' izango dira, azken hau euskal literaturan orain dela gutxi argitaratu den liburua da. Aniztasun haundia dago. 
 

Gazteek ez dutela irakurtzen esaten da.

Beno, topikotik asko du horrek, baina egia da hasieran aipatu dudan aisialdi ereduak gehiago eragiten digula gazteoi. Belaunaldi berriak sare sozialen edo plataforma digitalen artean hezten ari dira, eta horrek eragozten du beste jardun edo ohitura batzuk garatzea. Gure asmoetako bat ere bada, gazteak garen heinean, gazteen artean eragitea. Irakurzaletasuna sustatu nahi dugu, baina ez hori bakarrik, garrantzitsua da guk geuk antolatzea egin nahi ditugun jarduera horiek. 

Zer esango zenieke parte hartzeko zalantzan daudenei?

Gure taldera etorri edo ez, jendea gonbidatuko nuke irakurtzera. Liburuetan gauza asko aurkitzen dira, eta oso baliagarria da edozertarako. Iruditzen zait gure solasaldietan sortuko dela espazio bat orain arte ez zegoena. Liburu baten bueltan elkartuta ideia desberdinak ateratzeko aukera dago, eta hori aberasgarria izan daiteke denontzat. Oraingoz zazpi edo zortzi pertsona elkartu gara dena antolatzeko, eta espero dugu lehenengo saio irekira jendea animatzea. Saioei buruzko xehetasunak jakinaraziko ditugu eguna gerturatzen doan heinean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!