Duela 21 urte Kronikan

Florida auzoan bizitako emakumeek bazkaria egingo dute gaur berriro ere elkarrekin egoteko

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 15a, 09:03

Belen Altuna, Arrate Azurmendi, Pilar Nabarro eta Pili Altuna Floridan aspalditik bizitakoak

2003ko azaroaren 15eko Kronikan argitaratutako albistea
Irakurri egun horretako Kronika osorik hemen

Bazkaria Etxeberriko Lagun-Artean izango da eguerdiko 14:30etan.Bazkarian 35-80 urteko 100 bat emakume bilduko dira, denak urtetan Floridan bizitakoak. Florida asko aldatu da azkeneko 30 urteetan.

Florida auzoan urtetan bizitako emakumeek bazkaria dute gaur 14:30etan Etxeberriko Lagun-Arteako soziedadean. Aurreneko aldiz duela bi urte egin zuten bazkari hau eta asmoa zen Floridako barrioan aspalditik bizi zirenak berriro ere elkartu eta kontu kontari aritzea. Bazkari honetan aspaldi elkar ikusi gabeko jendea biltzen da. Duela bi urteko bazkarian adibidez 20 urte elkar ikusi gabeko emakumeek egin zuten topo, eta mahaira bazkaltzera ezin eseri ibili ziren 20 urtetan esan gabeko istorioak kontatuz.


Asko aldatu den auzoa

Hernani asko aldatu da azken urteetan eta hori asko nabaritu dute Florida Auzoko emakumeek ere. “Lehen Florida herritik aparte geratzen zen eta auzoan ere ez zeuden orain dauden etxeak, horregatik nortasun haundiagoa zuen auzoak” diote aspalditik Florida ezagutzen duten emakume hauek. “Umetan edozein lekutan jolasten genuen, dena zelaia zen-eta. Gainera ez zegoen orain bezalako trafikorik” diote duela 30 urteko garaiak gogoratuz.

Floridako parte diferentetako emakumeak joango dira bazkarira eta oraindik ere garai bateko etxeen izenak erabiltzen dituzte Floridako zonak izendatzeko eta bakoitza nondik datorren esplikatzeko: Txoko, Bestizan (estazio ingurua), La Cumbre, Benta Berri, Etxe Haundi, Tudela (orain ZingiZanga dena), Jose Antonio (orain Sagastialdeko etxeak dauden lekua), Artetxeko Etxea, eta abar.


Gizonezkoak sukaldari

Gizonezkoek bazkarian asko laguntzen dutela diote bazkarira dijoazten emakumeak, bazkaria beraiek egiten baitute eta kamarero lanetan ere beraiek aritzen baitira. “Uste dut beraiek guk baino hobeto pasatzen dutela gu bazkarian nola gabiltzan ikusten duten bitartean” diote emakumeek.

Bazkarirako menua ez da nolanahikoa: entremesak (patea, urdaiazpikoa...), legatza almejekin eta saltsan, solomilloa roquefort saltsatan, brazo gitanoa, izozkia, kafea eta kopa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!