100 musikari inguru elkartuko dira bihar, Hernaniko udaletxeko arkupeetan, Santa Zezilia ospatzeko. Bertan elkartuko dira Hernaniko Musika Banda, Gazte Banda eta Escudero Brass haize metal taldea, arratsaldeko 17:30etan, punta-puntako emanaldia eskaintzeko.
Hernaniko Gazte Bandak irekiko du ikuskizuna, Judith Montero Imazen gidaritzapean. Emakumeen martxa, El Zapa, Katiuska eta Captain Marvel obrak eskainiko dituzte. Jarraian, Donostiako kontserbatorioko ikasleen txanda izango da, eta Brasserie obra eskainiko dute. Azkenik, Hernaniko Musika Bandak joko du, Jorge Pacheco Garcíaren gidaritzapean: besteak beste, Un pasodoble para mi madre, La pícara molinera, Juvavun, Eastbound eta Give Us This Day obrak eskainiko dituzte.
Omenaldia, Roberto Bergarari eta Ander Ochoari
Musika emanaldiaz gain, eta herritarren belarriak goxatu ondoren, bandako bi partaide omentzeko tartea hartuko dute musikariek: Roberto Bergara eta Ander Ochoa. Bi klarinete joleen 25 urteko ibilbideari egingo diote aitortza. Zilarrezko pina jasoko dute bere musikakideen partetik, urte guzti hauetan erakutsitako konpromisoagatik.