Hernanikomik azoka jarriko dute gaur eta bihar Atsegindegin, eta komiki zaleek joko zelai bikaina izango dute euskarazko komikien postuez, erakusketez eta aurkezpenez gozatzeko. Euskerazko komikigintzaren erakusleiho aparta bilakatuko da azoka, eta aurten inoiz baino komiki aurkezpen gehiago izango dira, baita bestelako ekintzak ere.
Gaur goizeko 11:00etan irekiko ditu ateak azokak, bereziki herriko ikasle eta adinekoentzat. Arratsaldean hartuko du martxa bizia, Dobera Euskara Elkartearen V. Kromiki lehiaketaren sari banaketarekin batera. Jarraian hasiko dira eguneko komikien aurkezpenak, egileen eskutik. Lehenengo aurkezpena 17:30etan hasiko da, eta azkenekoa 19:30etan izango da.
Bihar ere antzekoa izango da plana: 11:00etan irekiko da azoka, eta goizetik hasiko dira komikien aurkezpenak egiten. Zuzeneko marrazki saioa ere izango da, eta Joseph Camino saria emango diote Asisko Urmeneta komikigile nafarrari, 12:00etan. Azkeneko aurkezpena 19:00etan izango da.
Bi egunetan, honako postuak egongo dira ikusgai, besteak beste: Denonartean, Elkar, Gaueko komiki denda, Harriet, Herrima, Ikastolen Elkartea-Xabiroi eta Nabarralde. Space Operaren erakusketa ere egongo da azokan.
HERNANIKOMIK AZOKA
GAURKO PLANA, ATSEGINDEGIN
11:00 Azokaren irekiera.
17:00 V. Kromiki Lehiaketaren sari banaketa (Dobera).
17:30 Oneka, Iruñeako Erresumaren sorrera. Eneko Lizardi egilea eta Iñaki Otamendi moderatzailea.
18:00 Aldazka pozoituak. Aritz Ibarra egilea eta Iñaki Otamendi moderatzailea.
18:30 Mo. Bernardo Atxaga eta Pello Varela egileak, eta Iratxe Retolaza moderatzailea.
19:00 Argia iraungi zen tokia. Mikel Begoña egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.
19:30 Mugako dragoiak. Gregorio Muro egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.