Pil-pilean dago, azkeneko aste eta hilabeteotan, Urumea bailaran eraiki nahi dituzten parke eolikoen gaia. Eta horren harira, bere postura azaldu nahi izan du Hernani Burujabeko eolikoen lantaldeak. Asteazken arratsaldean egin zuten agerraldia, lantaldea osatzen duten Bidea Herritar Taldeko, Enherkom energia komunitateko eta Sagarreta Natur Taldeko kideek; eta proiektu horien kontrako jarrera azaldu zuten: «Ez zaizkigu onargarriak iruditzen Hernaniko lurretan eraiki nahi dituzten parke eolikoak; horrela ez».
Argitu zuten beharrezkoa dela «energia fosilak ordezkatzeko iturri berriztagarrien aldeko apustua egitea», eta baita energia bertan sortzearen aldekoa ere, Euskal Herriak eta Hernanik menpekotasun energetiko oso haundia duten heinean. Horregatik diote, ezinbestekoa dela «desazkundea, berriztagarrien aldeko apustua eginda ere, energia sortzeko proiektuez inguratuta egon nahi ez badugu. Gure planetak eman diezagukeena baino askoz ere gehiago xahutzen dugu».
Hori horrela izanda ere, ez daude ados bailaran eraiki nahi dituzten proiektu eolikoekin, hainbat arrazoi tarteko: «Ez datoz lurralde antolaketa edo plangintza publiko baten arabera, eta Jaurlaritzaren Lurralde Plan Sektorialak instalazio eolikoetarako jasotako balizko kokalekurik ez dago Hernanin eta Urumea bailaran. Gainera, kokalekua erabakitzeko garaian, errentagarritasun ekonomikoa jartzen da mendien aberastasun natural eta arkeologikoaren gainetik, efizientzia energetikoaren izenean. Beraien irabazi tasak haunditzea da enpresa horien lehentasuna, eta helburua ez da energia fosilak berriztagarriekin ordezkatzea, berriztagarriekin negozio bolumena haunditzea baizik».
Gainera, ezinbestekoa iruditzen zaie proiektu eolikoak herritarrekin eta eragile publikoekin batera lantzea, eta herritarrek erabakitzeko aukera izatea. «Kasu honetan ez da hori betetzen. Modua bilatu behar da proiektuaren sorreratik herritarren partehartzea bermatzeko, haren dimentsioan, kokalekuan, diseinuan eta kudeaketan».
Proiektu eolikoei buruzko erreportajea, biharko Kronikan
Gaiaren inguruan, erreportaje sakona landu du Kronikak, bailarako herrietako udal eta herritar taldeen iritzia, ikuspuntua eta kezkak bilduta. Hernani Burujabeko eolikoen taldearena ere, zabalago jasoko da bertan. Biharko alean argitaratuko da.