'Bukatu dira umekeriak' gaztetxean, badator Kontrakantxaren urteurrena

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 14a, 00:00

Adin nagusitasuna lortuko du Kontrakantxak, eta hori ospatuko dute Hernaniko gazteek, asanbladak abendu osorako prestatu duen egitarauan. 

Adi! 'Bukatu dira umekeriak' Kontrakantxan, dagoeneko adin nagusitasunera iritsiko baita gaztetxea. Abenduarekin batera, badator Hernaniko gazteentzat hitzordu garrantzitsua, Kontrakantxa gaztetxearen urteurren ospakizuna. 18garren urteurrena izango da aurtengoa, eta Hernaniko Gazte Asanbladak hilabete osorako egitaraua antolatu du: afari sozialak, kontzertuak, solasaldia, poteoa, bazkaria eta txaranga.

Kontrakantxaz disfrutatzeko, gazteak elkar ezagutzeko eta asanblada hauspotzeko hilabetea izango dela azaldu du asanbladak. Hilabeteak ibili dira honetan buru belarri, eta orain, datorrenaz gozatzeko tartea izango dutela azaldu dute. Gazteei dei egiten diete adin nagusitasuna elkarrekin ospatzera, asanblada hauspotzera, gaztetxea zaintzera eta gogoz parte hartzera. 
 

Afari sozialak eta kontzertuak, ospakizuna hasi eta bukatzeko

Urteurreneko egitaraua hasi eta itxi, afari sozialek egingo dute. Lehena azaroaren 29an izango da, eta ekintza honekin hasiko da urteurreneko ospakizuna. Kurtso hasierarekin batera asanbladako kideek lehengo ohitura berreskuratzeari ekin diote, eta bueltan dira hilabeteko azkeneko ostiraletako afari sozialak. Abenduko afari sozialaren data aurreratu egin dute, Gabonak medio, eta hilaren 20an egingo dute. Santo Tomas bezpera izanik, talo tailerra egingo dute aurrena, eta talo jana ondoren.

Azaroaren 30ean, berriz, bi kontzertu eskainiko dituzte gaztetxean. Batetik, Hernaniko The Mamones musika taldeak bere lehenengo kontzertua eskainiko du; eta bestetik, Leihotikan taldea izango da. 22:00etan hasiko dira kontzertuak, eta 6 eurokoa izango da sarreraren prezioa.

Abenduaren 5ean, bestalde, Noa Sarriegi eta Nora Etxeberria hernaniarrek kontzertu akustikoa eskainiko dute, arratsaldeko 18:00etan hasita. Eta ondoren, aurreratu dutenez, gaztetxeko «bitxikerien» eta «anekdoten» solasaldia izango da, pintxopoteaz lagunduta.

Abenduaren 7an, egun haundia

Urteurreneko ospakizunen egun haundia, abenduaren 7koa izango da. Egun osoko egitaraua prestatu dute larunbat horretarako: goizean sagardo dastaketa izango da, segidan bazkaria, ondoren txaranga, eta azkenik, Ostikoka eta Habemus Papam taldeen kontzertuak. Bazkarirako txartelak 15 euroan izango dira salgai, eta prezioaren barruan urteurreneko kamixeta ere sartuko da. Zehaztapen gehiago emango dituzte data gerturatu ahala. Gaueko ordu txikietarako, berriz, DJak ekarriko dituzte.

Abenduaren 13an eta 14an, bertso afaria eta techno gaua

Urteroko bertso afaria ere antolatu dute, abenduaren 13rako. Kantuan ariko dira Andoni Rekondo eta Aitor Bizkarra, afari goxo baten sobremesan. Abenduaren 14an, berriz, techno gaua izango da, Santechen eskutik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!