Aurrera doa 'Hariak', eta gaurtik igandera bitarte eskainiko dira azkeneko erresistentzia istorioak

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 14a, 00:00

Munduan zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikustarazi nahian, aurreko ostegunean hasi zen zinemaldiaren hirugarren edizioa, eta beste bost film eskainiko dituzte igandera bitarte, 'Hariak'en bigarren astean. 

Aurrera doa 'Hariak' zinemaldia, Hernaniko Kulturarteko Plaza Feministan. Bigarren astean murgildu da, eta gaurtik igandera bitarte izango da aukera, azkeneko erresistentzia istorioak ezagutzeko. Mundu­an zehar ematen diren giza eskubideen urraketak ikustarazteko sortu zen 'Hariak', baina bereziki, urraketa horien aurrean antolatu diren erresistentziei oihartzuna emateko. Ostegunean hasi zen hirugarren edizioa, eta dagoeneko eskaini dituzte sei film, aurreko ostegunetik igandera. 

Bigarren fase honetan, gaurtik igandera, beste bost film ikusteko aukera izango dute herritarrek. Gaurkoan, Indian kokatutako film bat izango da ikusgai, 'Writing with fire' izenekoa. Solasaldia izango da jarraian, Ebbaba Hameida Mugarik Gabeko Erreportarietako kazetari sahararrarekin, eta lanbide honetan emakume izateak dituen zailtasunei buruz hitz egingo du. Filma arratsaldeko 18:00etan hasiko da, jatorrizko hizkuntzan, eta azpitituluak izango ditu gaztelaniaz.
 

Bihar, Euskal Herrira salto

'Altsasu, gau hura' dokumentalarekin Euskal Herrira egingo dute salto biharko egunez. Amets Arzallusek eta Marc Parramonek zuzendutako dokumentala arratsaldeko 18:00etan hasiko da, eta euskeraz eta gaztelaniaz izango da. Ondoren, auzi honetan epaitutako Adur Ramirez de Aldarekin solasaldia izango da, bere testigantza jasotzeko bertatik bertara. 

Asteburuan izango dira zinemaldiaren azkeneko hiru filmak. Larunbatean bi ikusentzunezko proiektatuko dituzte: Myriam Bakirrek zuzendutako 'Mothers', eta Mariano Agudoren 'Samba, un nombre borrado'. Lehena goizeko 11:00etan eskainiko dute, eta bigarrena arratsaldeko 18:00etan; bi filmek azpitituluak izango dituzte gaztelaniaz. Filmen ostean solasaldiak izango dira: goizekoa Jaima Maternalekin, eta arratsaldekoa Mahmoud Traorerekin eta Pilu Albarekin.

Eta amaitzeko, igandean, Chris Van der Vormen 'Mrs. F' filma izango da ikusgai, goizeko 11:00etan hasita, gaztelaniazko azpitituluekin. Ondoren, solasaldia egingo dute Quinndy Akeju Afroaktibistarekin, eta az­kenik, 'Hariak' zinemaldia bu­katzeko, Afrodantza saioa gidatuko du Akejuk berak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!