Satxa Soriazu musikari hernaniarrak kontzertua eskainiko du bihar, Hernaniko Kultur Etxean. Jazz-aren erritmoak iritsiko dira Hernanira, Soriazu pianistaren eskutik. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da kontzertua eta sarrerak Biterin bertan edota online bidez erosi ahal izango dira, 8 euroren truke.
Itxuran bateraezinak diren bi musika estilo nahastu ditu Soriazuk laukotean: jazz-a eta thrash-metala. Hernaniarrak, 'Rust In Peace' taldearen abestiak bertsionatu ditu 'The Megadeth Project' diskoan. Ideia honekin buruan denbora asko eman duela adierazi du pianistak, eta azkenean, disko honekin, metal doinuak bere «terrenora» ekartzea lortu duela: «Disko originala, 'Rust in peace', oso gustuko dudan diskoetako bat da. Dagoeneko heavy metaletik oso deskonektatuta banago ere, nerabezaroan bai entzun nuen dezente Megadethen lan hau: 90ean atera zen, hamabi urterekin harrapatu ninduen, eta burua lehertu zitzaidan. Izan ere, gaur egun, noizean behin entzuten dut, eta ez nostalgiagatik entzuten duenak bezala, baizik eta benetan oso disko ona delako. Horregatik, aspalditik nenbilen 'Rust in peace' neure alorrera eramateko ideia buruan bueltaka».
Metal munduan ere pixu haundia duen talde bat izanik, eta Soriazuk abestien estruktura errespetatu duen arren, jazz estilora eraman ditu kantuak: «Estrukturalki errespetatu egin ditut kantuak, hau da, esan dezagun zati bakoitza egon behar duen tokian dagoela, nahiz eta gero horietako bakoitzean aldaketak egiteko askatasuna hartu dudan».
Aztarnak editatutako diskoa da 'The Megadeth Project', eta maiatzean grabatu zuten, Areatzako Ona Etxea estudioan. Ibilbide honetan, alboan izan ditu Alejandro Mingot gitarrista, Kike Arza kontrabaxua eta Dani Lizarraga bateria.