'Orreagatik iragan hurbilera' antzerki obra Hernanira iritsiko da, Historia Oroituzen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 13a, 00:00

Antzezlanaren une bat, Orreagako guda irudikatzen duena.

Azaroaren 15ean izango da emanaldia, arratsaldeko 19:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko, Biterin eta Rioja tabernan.

Antzerkiaren bidez historia kontatzera datoz Seguratik Historia Oroituz Elkarteko kideak, 'Orreagatik iragan hurbilera' antzezlanarekin. Hernaniko Biteri Kultur Etxean izango da emanaldia, azaroaren 15ean, arratsaldeko 19:00etan hasita. Dagoeneko salgai daude sarrerak, Biterin bertan eta Hernaniko Rioja tabernan.

Aurten 1.200 urte betetzen dira Iruñeko Erresuma sortu zenetik, eta Nabarralde Fundazioak eskatuta, Pirinioetako ibarretan gertatutakoa antzerki bihurtu eta antzokietara eraman dute Segurako kideek. Taldeko kide diren Lourdes Imazek eta Isa Iparragirrek diote «pozgarria» dela antzerkiaren bidez, eta finean, artearen bidez, gure historia ezagutarazten eta zabaltzen aritzea. Elkartearen helburua euskal historiako gertakariak edo pasarteak antzerkiaren bidez ezagutaraztea baita, gaztetxoak eta helduak tartekatuz; gainera, hizkuntza ere bereziki zaindu nahi izan dute. Hitanoa erabiliz euskara indartzea ere badagoelako taldeko helburuen artean. Hain zuzen ere, tokaz eta nokaz egiten dute antzezleek obran. 

Antzezlanak bi ahapaldi ditu. Lehenengo zatian Orreagan gertatu zena irudikatzen da, Karlomagnoren kontrako guda. Horretan, kontakizuna oso dinamikoa izanda, 14 urteko gaztetxoek dute protagonismoa. Iragan hurbileko zatian, berriz, helduek egiten dute lan, bertatik-bertara ezagutu zutelako batzuek; beraz, bizi izandakoa kontatzen dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!