Duela 13 urte Kronikan

Iker Osa bertsolaria: «Ez da bakarrik nola entzun den, nola sentitu naizen ere bai»

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 12a, 09:30

Iker Osa, Oa etxeko kafeari bueltak emanaz

2011ko azaroaren 12ko Kronikan argitaratutako elkarrizketa, Agin Laburuk egina
Irakurri egun horretako Kronika osorik hemen

Udako etenaldiaren ostean, euripean egin degu udazkeneko lehenengo zita. Oa kafetegiko epelean, Iker Osarekin hitz egin nahi izan degu, alde batetik, egin duen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa bikainari buruz; eta bestetik, Hernani nola ikusten duen jakin nahi izan degu Bilduren zerrendan aurkeztu zen bertsolari honek. Lehen ofiziorako beraz, altxa dadila Iker Osa.

ZORTZIKO HAUNDIA

Nork esango zuen orain dela urte batzuk, Hernanin goizeko 10:00etan elkartuko ginela bertsoaz hitz egiteko eta ez ginela gaupasaz egongo…
Orain dela urte batzuk erretiratzeko garaia huen, orain berriz, batzuk lanarengatik eta besteak umearengatik, goiz jaiki behar!

Baina oraindik zailagoa izango zen sinestea, esan balidate Iker Osa udal hauteskunde batzutan Eusko Alkartasunarekin batera aurkeztuko zela zerrenda batean.
Bai, neri ere orain dela urte batzuk oso arraroa egingo zitzaidan. Arraroa ez, ez nian sinistuko. Baina bueno, denen jokabideak pixka bat aldatu dituk eta nik uste diat helburua lortzeko bidea horixe dela.

Familiarik ez bahu, zerrendan aurrerago joaten ausartuko hintzen? Alegia, oraindik badek politikaz edo politikan ibiltzeko gogoa?
Aspertu… aspertu bai, lehengo urteetan beti zurrunbilo berean ibili garelako bueltaka, hortik atera ezinean. Baina bueno, beti izan degu gogoa zer edo zer egiteko eta umerik izan ez banu, seguru, aukera izan banu behintzat, aurrerago joango nintzela. Edo beste modu batera ere, aportatzen saiatuko nintzela ahal nuen heinean, zurrunbilo horri irteera bilatzeko.

Urriaren 20tik aurrera agian gogo gehiago ere bai…
Gehiago edo gutxiago ez nuke esango: desberdin. Ate gehiago irekiko direlako eta orain arte ezer egin ez dutenei, igual, itxi egingo zaizkielako. Esperantza ezberdina, baina nik uste, denok esperantza ikusten degula behintzat.

Hernanin hala ere, urak ez datoz inoiz bare, bat ez bada bestea…. beti badek zerbait.
Bai, beti ba ziok zerbait. Eta nik uste gainera, orain ez hainbeste, baina herri honetan, jende askok hartu duela parte gauza desberdinetan. Orduan, hitza denok edukiagatik, iruditzen zaiguk edozein gauzagatik edozer esan daitekeela eta nik uste diat oso kritiko txarrak gerala. Konstruktiboak beharrean, aldrebes. Gaizki esaka ibiltzeagatik kritikatzen diagu eta saltsa ez dagoen tokitik ere saltsa ateratzen diagu. Nik uste, udaletxe bezela, oso herri zaila dela.

Astigarragan bizita ere, berdin jarraitzen dituk Hernaniko gora beherak?
Ni ez nauk ez Astigarragan eta ez Hernanin bizi. Gure etxea, Astigarragako udalekoek jakingo duten bezela, ahaztuta ziok, orduan, ez diat sentitzen ez Astigarragan eta ez Hernanin bizi naizenik. Baina bizimodua Hernanin egiten diagu, bai lan, bai erosketak, umearekin ikastolara, parkera… dena. Neretzat arlo horretan ez dek aldatu: hernaniar izaten segitzen diat.

ZORTZIKO TXIKIA

Orain pintada gutxiago dagoelako hemen, baina non daude Hernaniko pareten artean kamuflatzeko eramaten hituen Euskal Presoak Euskal Herrira, Amnistia, EH askatu eta horrelako kamisetak?
Oraindik erabiltzen dizkiat eh! Orain, erosi ezin dizkiat egin. Lehen txosnetan erosten nizkian eta orain, ez nauk lehen adina ibiltzen, baina oraindik bazauzkat, bai.

Ezker abertzalearen zenbat marka esateko gai izango hintzateke bata bestearen atzetik?
HB, Euskal Herritarrok, Batasuna, ANV… kartelen irudiak begietan zauzkat, baina… Nik uste diat burutik joaten direla horregatik, ez dakik hurrena segituan beste bat aterako den, ikasteko ere!

Politika aipatu diagu, bertsoa, lana… hi ere, nire moduan, sudurra leku gehiagotan ez dek sartzen, kabitzen ez zaikelako!
Ikutu gauza asko egin dizkiat batera, baina ez diat uste izan naukenik gauza asko batera eramaten dituena. Batez ere, perfekzionista naizelako eta ez zaidak gustatzen gauza asko batera hartu eta bukatu gabe uztea. Orain, denbora gutxi daukagun honetan, konturatzen haiz zenbat denbora utzi deken alperrik pasatzen. Orain konturatzen haiz denbora hobeto aprobe­txatu litekeela.

HAMARREKO TXIKIA

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan da. Hiri trenetik jaistea tokatu zitzaian, baina oso saio ona eginda. Ze zapore utzi dik aurtengo txapelketak?
Txapelketa berak oso ona, batez ere, apuntatu aurretik espero ez nuelako horrelako 3 saio egiterik eta tenple hori erakusterik. Sekula erakutsi ez deten tenplea txapelketan. Nere puntu negatiboa beti izaten dek bertso eskolan bezela ezin kantatua. Ez saio batean, eta oraindik gutxiago, txapelketetan. Aurten, behin ere baino gutxiago entrenatuta, lortu diagu ahotsak dardarik egin gabe kantatzea eta gustora kantatzea gainera! Epaimahaikoen puntuak kenduta, gainontzeko guztia ondo.

Ondorioa zein da orduan, gutxi entrenatuta hobeto kantatzen dela?
Ez. Denbora izan banu gehixeago entrenatuko ninduan, baina halabeharrez, ez gaituk preparatu lehengo urteetan adina eta nik uste, gure burua ere gutxiago presionatu degula eta orduan esan nian: bueno, han aukera bakarra dek lasai kantatzea eta horrelaxe kantatu, edo bat ere ez.

Ingurukoek esan zidatek txapelketan sekula baino hobeto entzun hindutela.
Kritikoen termometro onena (Iñaki) Zelaiak izaten dik eta berak esan zidaken behin ere ez ninduela horrela aditu txapelketan. Inguruko beste denek ere halaxe esan zidatek, baina hori neronek ere bazekiat. Ez dek bakarrik nola entzun den, nola sentitu naizen ere bai. Beste txapelketetan, igual, orain dela 8 urte ere, nahiko gustora gelditu ninduan final laurdenetara iritsita, baina ez nian gozatu %100ean. Eta azkeneko saioan, %100ean gozatu nian.

Zer da hobea, gaizki kantatu eta etxera joan beharra edo ondo kantatuta?
Ondo kantatuta joatea askoz ere nahiago! Azkenean, txapelketa bat dek momentuko 5 epaimahaikoren puntuazioen araberakoa eta 5 hoietaz aparte kritika ona besterik ez diat entzun, eta nere buruarekin ere oso gustora geratu nauk. Orduan, etxera joateko modurik onena egia esan, hauxe izan dek.

Hasierako txapelketak bezelako grinarekin hartzen al dituk oraindik?
Lehen adinako gogoa inposiblea dek. Guk 16, 18 urterekin hartzen genian bai eskolarteko txapelketa, bai Lizardi (bertsolari gazteen sariketa) munduaren bukaera bezela. Astean hirutan juntatu behar bagenuen, juntatzen gintuan eta ez bertsotarako bakarrik. Bertsotakorik ez bazen, frontoira joango gintuan edo poteora besterik gabe. Baina bai, orduan adinako gogoa ezinezkoa dek. Baina hala ere, orain nola ez degun lehen adina kantatzen, oraingoan ere gogoarekin atera gaituk, bestela lortu diagunik ez genian lortuko.

Baina txapelketaz aparte, bertsotarako beti pronto egoten haizen pertsona bat haiz.
Bai, bai. Denborak uzten digun heinean, beti prest. Lehen adinako grina horrekin ez, baina bertsoa beti izan dek prioridadeetako bat. Eta hala izaten segiko al dik!

Orain, hala ere, Peña Otañon asteazkenero bildu gabe, bertsolaritza ez dek berdin biziko.
Oso desberdina dek. Astero elkartuta beti entzuten dituk: hau tope ziok, hau doinu honetan ari dek, honek finalera iritsi nahi omen dik, hau txapelaren bila omen ziak… eta beti saltsa desberdina dek. Eta txapelketaz aparte ere bai. Gehiago bizi dek bertsolaritza.

Kuadrila edo lagun taldeak zenbaterainoko garrantzia izan dik hiregan bertsotan hasi eta jarraitzeko?
Haundia. Orduan hasi huen Iraulio Panttalone talde bezela funtzionatzen eta ez ber­tsotarako bakarrik. Nik uste, giro hori ez bazen, ez zela koadrila hain haundia izango eta horrelako gogoarekin ez genuela segiko. Eta gainera, gazte garai hartan, gure nortasuna garatzeko ere garran­tzi haundia izan zian. Herri guztiak esaten zian bertsoaren gaixoak ginela eta orain konturatze haiz hala ginela. Hala garela ere bai igual. Baina bai, asko balio izan zian. 14 urterekin oso lotsatiak ginenak, 16rekin bertso eskolatik pasata, ez ginen hain lotsatiak. Edo, desberdinak behintzat eta modu positiboan ikusten diat.

Horrelako beste koadrila bat atera arte ez da indarberrituko Hernaniko Bertso eskola?
Horretarako koadrilako gi­ro­ak garrantzia haundia dik, baina nik uste sortu ez dela egiten, baizik eta jarraipen bat eman. Hutsune bat eduki dik, bai lehengoek jarraipena ematen eta bai ondorengoek har­tzen. Asteroko bilera hori utzi izanak hutsune haundia utzi dik. Elkar­tee­tara joan gaituk, baina lehen­­go asteartetako bilera horrek ez dik jarraipenik izan eta nik uste, hor hu­tsune haundia izan dela.

PUNTU ERANTZUNA

Joxe Urdangarinek Iker Osari:

Hernaniar peto bat
Astigarragara

Haginena bakarrik
jute nak hara!
Mikel Arozemanenan
bizi arren jada,
Udalikan eztuen
auzo ear bat da;
ni lehengo gixara,
etxera: lotara,
Hernanin tralara....
ta "zera" rik bada;
lautako azaldu
ai Tilosetara!!!!

PUNTUKA

Udal korporazio berria: hasi zenean behintzat, giro ederra.

Amaiurrek zenbat eserleku? PNVk baino bi gehiago espero diat.

Atez atekoa: Noraino iritsi geran ikusita, meritu haundia udaletxeaz gain, herritarrok ere.

Udal dokumentuak euskera hutsean: beti horren alde borroka egin izan diat.

Bertso eskola: edozer gauza egiteko giro ona.

Euskera Hernanin: Azken urteetan hobetzen ikusi degu.

Txotx tenporada: hor ikusten diat zahartu naukela.

Aparkalekuak: Halabeharrez edo ez, udaletxeak ez du asmatu.

 

BAKARKA HIRU BERTSO

Gaia: Hurrengo eleziyuak.
Neurria: Zortziko haundia

Gerraren aurretik bazan herri bat
paketsu bezain euskaldun,
geoztik danak bide banatan
alperrik ezkera jardun!
neska ta mutil eoskor danak;
maitemin, lagun, ezagun...
euskaldun izan nahi deun danak
indarrak batu ditzagun
lotsikan gabe botu banakin
adierazi dezagun!.

Pakia aitzaki zabilkinak
zioten muga hau zala...
oain biktimak alde batian
bakarrik omen diala
gehio itxoin be pentsa zagun ze
nahi ote deun; berihala!
oaindik amets batian dagon
jendiak jakin dezala
esnatu eta zeoze itten
hasteko garaia dala

Nahiz Españiko gobernuako
aulkiak dauden haidian
gu jungo gea gizalegia
nun ote dagon galdian,
indar gehio in ahal izateko
herri bezela, taldian!
hillan 20an abittu eta
pausorik pauso bidian
biharamunez presuak ere
ia herritarrak dian

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!