Amaitzear da Mendiriz Mendiren aurtengo Mendizale Astea. Beste urteetan bezala, aurten ere Biterin elkartu ziren elkarteko kideak eta gonbidatuak XLV. Argazki lehiaketako sari banaketa egiteko.
Zenbait sari banatu ziren, kategoria ezberdinetan banatuta eta honakoa da irabazleen zerrenda: 'Mendia' argazki onena Juan Arrondok, 'Paisaia' argazki onena Asier Oyarbidek, 'Hernani' gai bezala duen argazki onena Xabier Arnaizek, 'Bilduma hoberena' Xabier Arrozpidek, eta 'Herrikoienari saria Angel Beldak eraman zuen. Azkeneko hau ikusleek bozkatuta aukeratu zuten.
Elkarteak ateratzen dituen irteeretako egutegietan publikatzeko bi irudi ere aukeratu ziren, eta denen artean Felix Etxeberriaren eta Carlos Quintanaren argazkiak izan ziren garaileak.
Mendizale astearekin amaitzeko, bazkideen eguna ospatuko dute igande honetan, Ataun-Lizarrusti irteera burutuz.