Bai ala bai irabazi beharreko partidua zeukan Hernanik, larunbat arratsaldean, Mungian; eta sustorik gabe pasa zuten 'tramitea' trikoloreek (0-55). Bederatzi entsaio gauzatu zituzten, eta ez zuten punturik jaso.
Hasieratik islatu zen hernaniarren nagusitasuna, zelaian bezala markagailuan. 11garren minuturako, entsaio bana lortu zuten Beñat Iradik eta Beñat Arizetak, eta beste hiru bider jarri zuten baloia marraren bestaldean, atsedenaldira iritsi aurretik: Peru Burugainek behin, eta Anartz Elosegik bitan. Horri gehituta Arizetak hiru konbertsio lortu zituela, 0-31koa erakusten zuen markagailuak, aldageletarako bidea hartu zutenean.
Bigarren zatian segi zuen entsaio festak, Peru Burugainen, Einar Arratibelen, Beñat Iradiren eta Andoni Larrarteren eskutik; eta bi konbertsio lortu zituen Jokin Oleak.
Garaipena eta erasoko bonusa lortuta, laugarren dago Hernani sailkapenean, 14 punturekin. Aurretik dauzka Uni Bilbao, Gernika eta Pasek Belenos, jokatutako partidu guztiak irabazita, 18 punturekin.