Hernaniko esku pelotariak nagusi, Gipuzkoako Binakako finaletan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 12a, 00:00

Ekhi Oses eta Lier Zugasti hernaniarrak, txapela jantzita.

Lehenengo mailako txapela jantzi zuten Osesek eta Zugastik, eta bigarrenekoa Arsuagak, Labakak eta Makatzagak.

Asteburu oparoa izan da CD Hernaniko kadete mailako pelotarientzat; bi final jokatu dituzte, eta bietan lortu dute garaipena hernaniarrek. 

Lehenengo mailako finala ostiral arratsaldean jokatu zuten, Donostiako Atano III.a pelotalekuan. Ekhi Osesek eta Lier Zugastik nagusitasunez irabaztea lortu zuten, 22-5 izan zen azken emaitza. Hernaniko bikotea onena izan da txapelketa guztian zehar, eta horixe islatuta geratu zen finaleko markagailuan ere. 

Larunbat goizean, berriz, bigarren mailako pelotarien txanda izan zen. Oiartzungo Madalensoro frontoian jokatu zuten Oier Arsuagak eta Aratz Labakak, eta 22-11 irabaztea lortu zuten. Sari banaketan taldeko hiru kideek jaso zituzten garaikurrak, Amets Makatzaga taldekidearekin batera. 

Arsuaga, Labaka eta Makatzaga, txapelak jasota.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!