Orain arteko martxa jarraituta, bueltan da, aurten ere, Bizilagunak egitasmoa. Ekimena azaroaren 24an ospatuko da, eta aurreko urteen antzera, mahaiaren bueltan bilduko dira bertakoak eta bertara iritsitakoak, elkarrekin bazkaltzeko. Eta parte hartzeko deia eta gonbitea luzatu dute egitasmoko antolatzaileek. Izen-ematea azaroaren 15ean itxiko dute bazkariak antolatu ahal izateko. Ekimen honek helburu du bertakoak eta bertara iritsiak bazkari baten baitan elkartzea ahalbidetzea eta harremanak sortzea.
Aurtengoan, Hamaika zapore milaka istorio lelopean, bertako familia bat eta migratzaile bat mahai baten inguruan elkartzea da ekimena. Bi kultura hurbilduko dira, elkar ezagutuz, estereotipoak eta aurreiritziak gaindituz. Bazkaria, parte hartuko duten familietako baten etxean egingo da edo etxebizitzaren inguruko errealitate desberdinak direla eta herriko plaza batean egiteko aukera ere eman nahi da. Horrez gain, bazkari bakoitzean dinamizatzaile moduan parte hartzeko aukera ere izango da, bazkaria antolatzen lagunduko duena. Gogoan izan 'familia' izan daitekeela pisukide, lagun edota kuadrila.
Parte hartzeko https://sosracismogipuzkoa.org/bizilagunak/ webguneko galdetegia erantzun behar da. Teknologiarekin trebetasuna ez duenak aurrez aurre ere izena eman dezake, Amher elkartearen bulegoan, Kulturarteko Plaza Feministan (Florida Auzoa 28). Informazioa eta zalantzak argitzeko gurera etorri edo WhatsApp (650 294 390) bitartez harremanetan jarri daiteke.
Bertan parte hartu izan dutenek azpimarratzen dutenez: «Atzerritarrak garenontzat oso aberasgarria eta benetan pozgarria da jende euskalduna ezagutzea, eta hauekin harremanak egitea. Etxera gonbidatzeak badu mezu sinboliko bat, etxea zerbait intimoa delako, zure esentziaren parte bat ere bada, eta horra gonbidatzeak sekulako magia dauka. Guretzat oso lagungarria da, euskal kulturaren parte sentitu gaitezkeelako modu honetan, eta oso integratuak sentiarazten gaituelako ekimen honek. Berotasuna sentitzen duzu etxean, konfidantza gehiago sortzen da»