Zientziaren astea dela eta, Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak lantegi eta jarduera batzuk antolatu ditu bihartik azaroaren 15era, DBHko eta Batxilergoko ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko.
Hernanin, Unibertsitateak hitzordu berezia prestatu du: origamiari (papiroflexiari) buruzko lantegi praktiko bat. Etzi asteartean egingo da, Galarreta (Orona Ideo) Ekocampusean. Origamia sakratutzat jo izan da Japonian antzinatik, uste baitute arte horrek pentsaezinak diren mugetaraino bultzatzen duela zientzia, berorrekin duen loturagatik.
Lantegi praktikoa 09:00etatik 11:00etara bitartean egingo da, eta ikastetxeak gonbidatuta daude origamiaren sekretuak aurrez aurre ezagutzera. Adituek diotenez, origamian du jatorria hainbat produktu teknologikoren diseinuak. Horregatik, hiru origami-pieza egingo dituzte, eta ohartuko dira teknika horrekin produktu jasangarriagoak lortzen direla. Bestalde, 11:30etik 12:30era bitartean, «Benetan dira auto elektrikoak jasangarriagoak?» izeneko hitzaldia egingo da. Bertan, eztabaida sortuko da, galdera erraz bati erantzuteko: gehiago edo gutxiago kutsatzen dute?