Datorren larunbatean, azaroaren 16an, 17:30etan, udaletxeko arkupetan, 100 musikaritik gora elkartuko dira Santa Zezilia ospatzeko eta maila altuko kontzertua eskaintzeko. Hernaniko banda gaztea, Donostiako kontserbatorioko Escudero Brass metal boskotea eta Hernaniko helduen musika banda izango dira kontzertua eskainiko duten taldeak, herritarren gozamenerako.
Lehenik banda gaztea hasiko da, Judith Monteroren zuzendaritzapean. Banda gaztearen proiektuak hiru urte darama martxan eta emaitza ederrak lortzen ari da herriko musikari gazteen artean. Besteak beste, Emakumeen martxa (Erresuma Batuan oso esanguratsua egin zen abestia emakumeen boto eskubidearen alde XX. mende hasieran), El Zapa, Katiuska eta Captain Marvel obrak eskainiko dituzte.
Ondoren Donostiako kontserbatorioko irakasleek osatutako metalezko boskotea arituko da Brasserie obra eskainiz. Bertan bildutakoak kamara musikara gerturatzeko aukera izango dute.
Azkenik helduen musika bandak helduko dio kontzertuari, Jorge Pachecoren zuzendaritzapean. Besteak beste obra hauek eskainiko dituzte: Un pasodoble para mi madre, La pícara molinera, Juvavun, Eastbound eta Give Us This Day.
Roberto Bergara eta Ander Ochoa omenduko dituzte
Maila eta egitura aldetik berezia izango den kontzertu honetan, bandakideek bi partaide omenduko dituzte, bertan 25 urtez egindako partaidetza eskertuz. Klarinetea jotzen duten Roberto Bergara eta Ander Ochoa izango dira omenduak.
Ohi den moduan zilarrezko pin-a jasoko dute bere musikakideen partetik. Geroz eta horrelako omenaldi xume gehiago egiten ari da banda bere kideen artean, urteetan gaztetan hartutako konpromisoari eutsi diotelako era iraunkor batetan.