Hernanikomik euskerazko komikigintzaren erakusleiho bihurtu da hiru urtetan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 9a, 00:00

Hernanikomik azokaren prestaketan parte hartu duten eragileetako batzuk, aurkezpen ekitaldian, Hernaniko liburutegian.

Azaroaren 15ean eta 16an komiki postuak eta aurkezpenak izango dira Atsegindegin.

Azaroaren 15ean eta 16an euskerazko komikigintzaren erdigune bihurtuko da Hernani. Atsegindegin kokatuko da komiki azoka. Hirugarren edizio honetan inoiz baino komiki aurkezpen gehiago izango dira, baita bestelako ekintzak ere.

«Hernani euskerazko komikigintzaren erreferente bihurtzea nahi dugu», adierazi zuen aurkezpenean Aitor Huizi Kultura zinegotziak. Euskal Herrian euskera hutsezko komikigintza­ri eskainitako azoka bakarra da Hernanikomik. Horregatik, «Euskal Herriko komikizale guztiak gonbidatu» ditu Huizik Hernanira hurbildu eta azoka bisitatzera, hurrengo asteburuan.

Hernaniko Udala, udal liburutegia eta komikigile sare bat aritu dira prestaketan: Mikel Begoña, Dani Fano, Aritz Ibarra, Koro Muro, Ainara Azpiazu Axpi, Alai Zumendi, Gregorio
Muro... «Horiei guztiei ere eske
rrak eman nahi dizkiegu, Hernanikomik aurrera ateratzeko egin duten lanagatik», adierazi zu­en Ai­nara Aiestaran liburuzainak. 

Hamar komiki aurkezpen, horietako sei nobedadeak

Ainara Azpiazu Axpi komikigile hernaniarrak «komikiak ere literatura» direla aldarrikatu zuen ozen, eta «Hernanikomik plaza interesgarria» dela euskarazko komikigintzak «behar duen prestigioa eta komikigileon ikusgarritasuna bermatzeko».

Udazkena, euskerazko komikigintzan argitalpenetarako garai oparoa izaten da. Honela, izango diren hamar aurkezpenetatik sei, labetik atera berri-berriak izango dira. Argitaletxe eta denda hauen postuak egongo dira azokan: Argia, Elkar, Gaueko komiki denda, Harriet, Herrima, Ikastolen Elkartea, Xabiroi eta Nabarralde. Azokaren ordutegia honakoa izango da bi egunetan: 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Honez gain, azoka eremuan Space Opera euskal komikien erakusketa ikusteko aukera izango da.
 

Asisko Urmenetak jasoko du Joseph Camino saria

Azokaren baitan, Joseph Camino saria ere banatzen da, euskerazko ko­mikigintzaren alde egindako lana saritzeko. Aurten, Asisko Urmeneta komikigile nafarrak jasoko du, hilaren 16an (12:00). Horrekin lotuta, hilaren 15etik 29ra erakusketa izango da Biterin, Asiskoren ibilbide profesionala erakusten duten lanekin.


EGITARAUA

AZAROAK 15, ostirala

11:00 Azokaren irekiera.

17:00 Kromiki lehiaketaren sari banaketa (Dobera Euskara Elkartea).

KOMIKI AURKEZPENAK:

17:30 Oneka, Iruñeako Erresumaren sorrera. Eneko Lizardi egilea eta Iñaki Otamendi moderatzailea.

18:00 Mo. Bernardo Atxaga eta Pello Varela egileak, eta Iratxe Retolaza moderatzailea.

18:30 Argia iraungi zen tokia. Mikel Begoña egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.

19:00 Mugako dragoiak. Gregorio Muro egilea eta Iratxe Retolaza moderatzailea.

AZAROAK 16, larunbata

11:00 Azokaren irekiera.

KOMIKI AURKEZPENA:

11:30 Iris. Yurre Ugarte eta Julen Ribas egileak, eta Ainara Azpiazu 'Axpi' moderatzailea.

12:00 Joseph Camino sariaren banaketa: Asisko Urmeneta.

12:30 Dzirt-dzart saioa, zuzenean marraztuz: Asisko Urmeneta eta Marrakatue.

KOMIKI AURKEZPENAK:

17:00 Abentura erraldoia. Adur Larrea eta Gorka Bereziartua egileak, eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.

17:30 Botere handi batek. Iban Zaldua eta Julen Ribas egileak, eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.

18:00 Egun bat Beti Berdin tabernan. Asier Iturralde Gaston egilea eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.

18:30 Ihes plana. Agustin Ferrer Casas egilea eta Garbiñe Ubeda moderatzailea.

19:00 Ni, zu, gu. Tupust kolektiboko Maite Caballero, Loinaz Lekuona, Maitane Gartziandia eta Ainara Azpiazu Axpi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!