'Orreagatik iragan hurbilera' antzezlana Biterin, azaroaren 15ean

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 8a, 00:00

Segurako Historia Oroituz herri antzerki elkarteko kideek eskainiko dute emanaldia.

Segurako Historia Oroituz herri antzerki elkartekoek taularatuko dute pieza 19:00etan, eta sarrerak dagoeneko salgai daude, Biterin eta Rioja tabernan, 5 euroan.

Datorren azaroaren 15ean, ostiralarekin, Orreagatik iragan hurbilera antzerki obra taularatuko dute Segurako Historia Oroituz elkartekoek. Biterin izango da, arratsaldeko 19:00etan. Herri antzerki elkartea da, eta historiako pasarte pare bat antzeztuko ditu. Antzezlan hau Hernanin ikusteko aukera bakarra izango da. Hernani Errotzenek antolatu du saioa, eta aukera «ez galtzeko» gonbitea egin dute. Sarrerak Biteriko harreran eta Rioja tabernan daude salgai, 5 euroan.

Agenda bete-betea du Segurako Historia Oroituz taldeak. Aurten 1.200 urte betetzen dira Iruñeko Erresuma sortu zenetik, eta Nabarralde Fundazioak eskatuta ere, Pirinioetako ibarretan gertatutakoa antzerki bi­hurtu eta antzokietara eraman dute Segurakoek.

Orain arte Astigarragan, Bergaran, Arabako Arraia-Maeztun, Villabonan eta Oñatin taularatu dute antzerki obra hau. Hernanin izan eta gero, hurrengo egunean Iruñean ariko dira.
Taldeko kide diren Lourdes Imazek eta Isa Iparragirrek diote «pozgarria» dela «antzerkiaren bidez, artearen bidez azken finean, gure historia ezagutarazten eta zabaltzen aritzea».

Azken finean, Historia Oroituz elkartearen helburua baita euskal historiako gertakariak edo pasarteak antzerkiaren bidez ezagutaraztea, gaztetxoak eta gazteak tartean sartuta; gainera, hizkuntza ere bereziki zaintzen dute, hitanoa erabiliz, euskera indartzea ere badagoelako taldearen helburuen artean. Hain zuzen ere, «hikaz eta nokaz» egiten dute antzezleek obran.
Ikasturte berri honetan hogeita bat lagunek osatzen dute antzerki taldea.

Gazteak eta helduak biltzen dira bertan: 14 urte ingurukoak dira gazteenak eta 70 urtetik gorakoak helduenak. Gazte-helduek, neska-mutilek eta gizon-emakumeek osatzen dute taldea, garaian garaiko jantziak eta eszenatokia erabilita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!