Hika antzerki konpainiaren eskutik, Atearen bestaldean haurrentzako antzezlana izango da ikusgai bihar, Biterin, eguerdiko 12:00etatik aurrera. Biteriko sarreran bertan edo online (kultura.hernani.eus) eskuratu daitezke sarrerak, 3,5 euroan.
Agurtzane Intxaurragak zuzendu du testurik gabeko antzezlana, zuzeneko musikarekin, eta kalerako zein aretorako dago prestatuta, familia osoarentzako. Sandra Fernandez Agirre da aktorea, eta Unai Celayak eskainiko du zuzeneko musika. Bere urtebetetzea du protagonistak, baina ez du bakarrik egon nahi egun berezian. Horregatik, atea ireki eta bila aterako da. Mendietan eta hirietan barrena ibili nahi luke, ibaiak eta basamortuak zeharkatu, itsasoaren barrenean galdu. Baina zain dago atearen bestaldean.