Atzo goizean Ave Maria parketik pasa zenak, hantxe ikusiko zituen haurrak, lanean jo eta su. Urumea ikastetxekoak aritu ziren aurrena, eta Langilekoak ondoren. Gaurkoan errepikatuko da irudia, baina oraingoan Elizatxoko eta Aratzeko ikasleek hartuko diete txanda.
Halaxe ari dira urmael bat egiten, ilusioz eta gogotsu, Ave Maria parkean. Hernaniko LH3 eta LH4 mailetako ikasleek sortuko dute putzua bi egun hauetan, eta bihar borobilduko dute lana hernaniarrek auzolanean. Horretarako hitzordua jarri dute bihar goizeko 10:00etan, Ave Maria parkeko pasarelan elkartuta; eta herritar guztiei luzatu diete bertaratzeko deia. Bi orduko lana aurreikusi dute.
«Oso erabilgarria iruditzen zitzaigun hezkuntzarako»
Aspalditik datorren proiektua da, Hernaniko Udalak, Sagarreta Natur Taldeak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak adostutakoa. Ikusi zuten «aukera bikaina» zegoela bertan urmaela eraikitzeko: «Eremuak joku asko ematen zuen, eta iruditzen zitzaigun hezkuntzarako oso erabilgarria izan zitekeela», azaldu du Iñaki Sanz-Azkuek, Hezkuntzako Berritzegune Nagusiko kideak.
Izan ere, horixe da helburua, parkearen zati hori gordetzea hezkuntza erabilerarako: «Hernaniko ikastetxe guztiek izango dute beraientzat irekita. Kanpo espazio bat izango dugu, laborategi moduko bat, egin ahal izateko hainbat jarduera, zientzia didaktikari, biodibertsitateari eta ingurumenari lotuta».
Urmaela egitea bera izango da aurreneko jarduera, Hernaniko lau ikastetxeen partehartzearekin. Ereñotzuko Txirrita eskolak ez du parte hartuko oraingoan, dagoeneko ondo landuta daukatelako gaia, Epelen egin zuten Zepadiko putzuarekin.
«Naturarekin daukagun zorra kitatzen dugu horrela, pixkanaka»
Bi egitasmorekin dauka lotura Ave Mariako urmaelak: Hernani Natura Herria egitasmoarekin, eta Aranzadiren urmael hezitzaileen sarearekin. Euskal Herri mailako programa da urmaelen sarea, 2020an abiatutakoa, hezkuntza eta formakuntza zentro guztiei zuzenduta.
Aranzadiko Ion Garin Barriok azaldu duenez, «naturarekin daukagun zorra kitatzen dugu pixkanaka», urmaela sortzearekin batera. «Izan ere, urmaelak deuseztatzen joan gara aurreko mendean zehar. Gutxi gorabehera, ezagutzen ziren urmaelen erdia galdu zen, eraikinak egin baitziren hezeguneak sortzen ziren eremu askotan».
Hori horrela, Garinek nabarmendu du «urmael gutxi» daudela, eta komenigarria dela bereian arteko «loturak» sortzea. Gainera, uste du «balio erantsia» daukala Ave Maria parkekoak, eremu urbano batean izanik: «Espazio berde bat sortuko dugu gizartearentzat, eta guztiok izango dugu aukera bioaniztasunaz gozatzeko. Horrekin batera, bertako espezieak egonkortuz gero, egoera hobean izango ditugu natura eta ingurua».