Hernaniko Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak Urumea zena eta dena hitzaldi zikloa antolatu dute gaurko, Biterin, arratsaldeko 19:30etan hasita. Helburua da Urumea bailararen natur eta kultur ondarea balioan jartzea. Aurten, zehazki, Urumeako hidrogeologia eta paisaia aldaketa izango dira protagonista.
Hiru hitzaldi izango dira, Miren Del Val geologoak, Iñaki Antiguedad hidrogeologoak eta Arturo Elosegi biologoak emango dituztenak, hirurak Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) irakasleak. Hitzaldi bakoitzak 15 minutuko iraupena izango du.
Iñaki Sanz-Azkuek gidatutako mahai-ingurua, ondoren
Miren Del Valek honako hitzaldia eskainiko du: Urumea bailararen bilakaera Kuaternarioan: Nola aldatu da gaur egun ikusten dugun paisaia azken milioi urteetan? Iñaki Antiguedadek, berriz, Urumea arroa: ibaia ondorio izango du hizpide; eta Arturo Elosegik, Izenik ez duena ere bada. Urumeako landare eta animalia ezezagunak.
Bukaeran, Iñaki Sanz-Azkue Aranzadiko biologoak gidatuta, mahai-ingurua egingo dute hiru adituekin. Hitzaldi zikloa internet bidez ere ikusi ahal izango da, Hernaniko Udalak bere YouTubeko kanalean eskainiko baitu, streaming bidez.