«Zaintzaileen kalitatezko baldintzak dira ongi zainduak izateko funtsezko oinarria»

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 7a, 00:00

Oihane Zabaleta Zerbitzu Sozialetako arduraduna eta Xabier Lertxundi alkatea.

Zaintzaileen Nazioarteko Egunean, Hernaniko Udalak nabarmendu du «herriko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen baldintzak hobetzeko neurriak» sustatzen ari dela.

Zaintzaileen Nazioarteko Eguna izan zen pasa den asteartean, eta herritarrak ondo zainduta egoteko, beharrezkoa da zaintzailea ere zaintzea. Bide horretan, eta egun seinalatuaren harira, Hernaniko Udalak nabarmendu du ahalegina egiten ari dela zaintzailearen zaintzan.

Udalak dioenez, etxeko zaintzaren estrategia garatzen da «zaintza behar duen pertsonaren eta zaintza horiek egiten dituztenen bizi-kalitatea» ardatz hartuta: «etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen osasuna babestuz eta sustatuz, mendekotasuna duten edo mendekotasuna izateko arriskua duten pertsonak etxean zainduak izan daitezen lagunduz, eta erabil­tzaileen etxeetan ingurune fisiko egokia erraztuz, bai erabiltzaileentzat eta bai zaintzaileentzat gune seguruak izan daitezen».

Gaur egun, 56.000 zerbitzu-ordu eskaintzen ditu Hernaniko etxez etxeko laguntza zerbitzuak. «Jendeak konfiantza haundia du zerbitzuarengan», azaldu du Xabier Lertxundi alkate eta Zerbitzu Sozialetako arduradun politikoak.

Hernaniko kasuan, «dependentzia duten herritarrez gain, beste behar eta egoera batzuetan dauden herritarrak ere artatzen ditu etxez etxeko zerbitzuak».

Langileen lan-baldintzak hobetzeko lanketa, martxan

Alkateak azpimarratu du, «zaintzen duen herria» dela Hernani, eta «kalitatezko zerbitzu publiko bat emateko», ezin dela «zaintzailea ahaztu». Hori dela eta, azken urteetan Hernaniko Udalak lanketa garrantzitsua egin du etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileekin, euren lan-baldintzak hobetzeko.

«Erabat sektore feminizatua da etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileena; Hernaniko kasuan, langileen %100a da emakumezkoa», azaldu du Oihane Zabaletak, Zerbitzu Sozialetako arduradunak: «Horrez gain, oso ezaugarri bereziak ditu lan honek, etxeetan egiten baita lan, oso jardunaldi konplikatuetan eta oso modu indibidualizatuan». Gaur egun, etxez etxeko 50 langilek eta koordinatzaile batek ematen dute Hernaniko etxez etxeko laguntza zerbitzua.

Langileen lan-baldintzak ho­betzeko asmoz, etxez etxeko la­guntza zerbitzuaren azken kon­tra­tu publikoa egiteko (2023), ple­gu teknikoak prestatzen lanketa sakona egin zuten Zerbitzu Sozialek, Berdintasun sailak eta Kontratazio sailak elkarrekin. «Klausula sozialak landu genituen, ikuspegi feminista batetik langileen ahalduntzea sustatu nahi baikenuen Udaletik», azaldu du Xabier Lertxundi alkateak: «Gure aldetik, konpromiso bat eta baliabideak jartzea ekarri zuen lanketa horrek. Esaterako, langileen soldatak igotzea eta urteko lanaldia jaistea». Lan-ordutegiaren barruan formakuntzak eta elkartzeko orduak sortzea ere ahalbidetu du kontratu berriak, azaldu dutenez.

Zerbitzu berritzailea, zaintzaileen osasun emozional eta fisikoa zaintzeko

2022an sinatu zuten, lehenengo aldiz, Hernaniko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileen Lan Hitzarmena. «Horrek ahalbidetu du, besteak beste, Langile Batzordea sortzea, asanbladatan elkartzeko aukera izatea...», adierazi du Oihane Zabaleta teknikariak. «Langileak hobeto sentitzeko ezinbestekoak dira espazio horiek».

Langileen osasun emozional zein fisikoa zaintzeko asmoz, aurten zerbitzu berritzailea ere jarri du martxan Hernaniko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldunditik jasotako dirulaguntza bati esker, 55.000 eurokoa.

Oihane Zabaletak azaldu du­enez, «epe luzeko zaintza-lanak egiten dituzten pertsonen artean prebalentzia haundia dute arazo muskulo-eskeletikoek».Horren ondorio nagusiak dira «mina eta ezintasuna. Zaintzaileen osa­sun fisiko, psikologiko eta sozialean eragina daukate, beraien bizi kalitatea gutxituz». Arazo horiei erantzuna «modu integralean» emateko jarri da zerbitzu berria martxan. Orain arte, egin dituzte 23 zaintzaileren balorazio klinikoak; lanpostuaren ebaluazioa egin dute, zerbitzua ematen den 35 etxebizitzatako arrisku-balorazioa landuz, dagokion interbentzio edo gomendioekin; eta norbere burua zaintzeko formakuntza eta autozainketa tresnak eskaini dituzte (urrian hasita, mina murrizteko tailerrean bi saio jasotzen dituzte astero, 7 langilek).

«Zerbitzu integral hau egingarria dela ikusi dugu», azaldu du Lertxundik: «Gainera, harrera ona izan du parte hartu duten langileen artean».

«Ezinbestekoa da zaintzaileen osasuna babestea eta hobetzea»

Xabier Lertxundi alkateak nabarmendu du, «ezinbestekoa» dela zaintzaileen osasuna babestea eta sustatzea, «kontuan hartuta biztanleria zahartzen ari dela, mendekotasuna duten pertsonak gero eta gehiago direla, eta zaintzarako pertsona kualifikatu nahikorik ez dagoela». Alkatearen ustez, horrek ahalbidetuko du «lan-zahartze osasungarria lortzea, lan-absentismoa murriztea eta lan-ekosistema erakargarri bat sortzea, zainketaren ekonomiaren iraunkortasuna hobetuz».

Hernaniko Udalak azaldu du, gainera, «kanpoko jakinmina» piztu duela etxez etxeko zerbitzuko langileen baldintzak hobetzea lortzeko lanketak: «Horren adibide da azaroaren 30ean, iazko Greba Feministaren urteurrenean, Bilbon egingo den Zaintzen Herrian eredu honen berri emango dutela udal ordezkariek», jakinarazi dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!