Etxebizitzaren auziari dagokionez, zein da Buruntzaldeko egoera? Zer nabarmenduko zenukete?
Etxebizitza eskubide bat beharrean negozio bezala ikusten bada, problematika hau nekez gaindituko da. Horren aurrean, alternatibak bilatu behar ditugu. Alde batetik, instituzioei horren ardura har dezaten exijituz, beti ere kontuan izanda nork dituen etxebizitza auziaren gaineko eskumenak. Aztertu behar da zein aukera eduki ditzaken Udalak honi aurre egiteko.
Bestetik, egon badaude herrigintzatik sortu diren alternatibak, eta horiek ere ezagutu behar dira: erabilera lagapeneko etxebizitzak...
Arazoa oinarritik konpontzea da helburua, baina ahaztu gabe, bitarte horretan, ezin garela geldirik geratu. Buruntzaldean bertan, arazoa larria da jende askorentzat: hemendik kanpo bizitzera joan beharra duten kasuak, legez kanpoko baldintzak onartu behar dituztenak etxebizitza lortzeko...
Herritar ugarik berehalako irtenbideak behar dituzte, eta hori ere bada Etxeguraren helburua. Sare seguru bat sortzea, jendeak nora jo izan dezan.
Azken urteetan nabarmen egin du gora alokairuen prezioak, eta eskaintza urria da. Horren aurrean zer egin daiteke?
Alokairuaren prezioak nabarmen egin du gora eta, horren aurrean, ezin dugu exijitu gehiago ez igotzea soilik, baizik eta jaistea. Alokairuaren prezioak aspaldi utzi zuten duinak izateari, oro har, eta ezin gara konformatu.
Gaur egun, gainera, etxebizitzen jabeek hainbat estrategia dituzte legea saihestu eta ahalik eta etekin gehien ateratzeko: aldi motzerako kontratuak, alokairu turistikoak...
Estatuko etxebizitza legeak ahalbidetzen du prezioei topea jartzea. Adibidez, metro karratua sei euro baino gehiagoan ez kobratu ahal izatea.
Etxegurak egin asmo duen lehen pausoa da etxebizitza prezio duinean alokatzen dituzten herritarrak topatu eta sare bat osatzea: Jabe Solidarioen Sarea. Badakigu etxebizitza merkatutik atera ezean ez dela arazoa konponduko, aipatu moduan, baina sarea sortzeak lagundu dezake berehalako irtenbidea ematen beharra dutenei eta, aldi berean, erakusten alternatiba existitzen dela.
850 etxe huts daude Hernanin. Zer egin behar da horiekin?
Hasteko, jakin nahi dugu zergatik dauden hutsak etxe horiek. Kasuistika zabala izan daiteke: alokatu nahi ez dutenak daude, baita ezin dutenak ere. Etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ere eman daitezke, trukean arrazoizko prezioan alokairuan jartzen badira.
Legez zerbait egin daiteke (adibidez, inpostu gehigarria jarri etxe hutsa dutenei), baina hori saihesteko moduak aurkitu ohi dituzte jabeek.
Etxegurara jotzen duten herritarren artean, zeintzuk dira errepikatzen diren zalantza edo ezinegonak? Zer jasotzen duzue kaletik?
Oraindik inor ez da guregana etorri, gure lan-ildoak diseinatzeko prozesuan gaudelako (laster hartuko du forma). Hala ere, han eta hemen entzun ditugu testigantzak, askotan latzak: kontratuak amaitu eta gelaka berritzen zaizkiela (prezioa asko handitzen du horrek); pertsona migratuak izateagatik ez zaiela alokatzen edota gehiegikeriak eta ilegaltasunak jasaten dituztela; etab.
Zeintzuk dira epe laburrera ikusten dituzuen alternatibak? Eta epe ertain-luzera?
Uste dugu alternatibak beste maila batzuetan eman behar direla, batez ere. Egungo etxebizitza-politikak diseinatuta daude bankuekin zorretan egoteko eta alokairu batengatik gehiegizko prezioak ordaindu behar izateko. Zerbait sistemikoa da, egiturazkoa.
Epe laburrean, espekulazioarekin amaitu eta alokairu sozialeko etxebizitzak handitu beharko lirateke. Beste aukera bat litzateke alokairuko etxebizitzen parke publiko bat sortzea, prezio duinekin. Halaber, lurzoru publikoa berreskuratu edo esleitu daiteke, erabilera lagapeneko etxebizitza proiektuak bultzatzeko. Gainera, aurretik esan moduan, alokatzeko moduan ez dauden etxe hutsak moldatu daitezke, prezio duinean alokatzeko baldintzapean.
Epe luzera, etxebizitzaren prezioan esku har liteke. Higiezinen enpresak pertsonen beharren kontura aberastea eragotzi beharko litzateke.