Nerea Arrutiren eta Malen Barrenetxearen marka saiakera, Oialumen

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 6a, 00:00

M. Barrenetxea, O. Fdez. de Barrena, N. Arruti eta A. Zapirain 2023an.

Azaroaren 17an, 12:00etan hasita, kanako enbor bat moztuko du urnietarrak eta 15 urterekin oinbiko enbor bat hernaniarrak.

 

Azaroaren 17an bi marka saiakera izango dira Oialumeko biltokian, 12:00etan hasita. Alde batetik, Nerea Arruti urnietarrak kanako enbor bat mozten duen lehenengo emakumea bihurtu nahi du. Kanako enborra 108 ontzako enbor erraldoia da. Bestetik, Malen Barrenetxea hernaniarrak, 15 urterekin oinbiko bat mozten duen lehenengo emakumea izan nahi du.

Sarrera doakoa izango da eta gainera erakustaldi ikusgarriak izango dira aizkolari eta harrijasotzaile onenekin. Aizkoran Iker Vicente eta Eneko Saralegi lehengusuak, Jokin Urretabizkaia 'Basozabal' eta Ibai Soroaren aurka arituko dira. Harrijasotzen Mikel Lopetegi 'Urra' eta Maddi Guesalaga arituko dira.

 

Nerea Arruti, Gipuzkoako txapeldun eta Malen Barrenetxea, laugarren

Igandean emakumezkoen Gipuzkoako aizkora txapelketa jokatu zen. Aiako Urdaneta auzoko festetan izan zen aurtengo edizioa, eta Nerea Arrutik jantzi zuen txapela (10:38), Oihana Fernandez de Barrenaren (12:34), Irati Astondoaren (15:56) eta Malen Barrenetxearen (18:48) aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!