'Hariak' erresistentzia istorioen zinemaldia bihar hasiko da KPFn

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 6a, 00:00

Etzi 'Bye Bye Tiberias' dokumentala eskainiko da.

Inaugurazio ekitaldia 18:00etan izango da eta Brasilgo Lurrik gabeko mugimenduari emango zaio ahotsa.

 

Hariak erresistentzia istorioen zinemaldia bihar hasiko da Kulturarteko Plaza Feministan. Hain zuzen ere, azaroaren 17ra Euskal Herriko eta mundu zabaleko erresistentzia istorioak ezagutzeko hamar dokumental, hamaika solasaldi, musika eta dantza... izango dira (www.hariak.hernani.eus).

Inaugurazio ekitaldia bihar izango da 18:00etan. Hariaken 3. edizioari hasiera emateko, zinemaldian proiektatuko diren dokumental guztien trailerrak ikusi ahal izango dira. Ondoren, Brasilgo Lurrik gabeko Mugimenduari ahotsa emango zaio, eta Amanda Verrote ekofeminista eta ikerlariak azalduko ditu mugimendua ulertzeko gakoak. Azkenik, Lua Matheus eta Rodrigo Motarekin Brasilgo musikaz gozatzeko aukera izango da.

 

Etzi, Palestina protagonista eta Olga Rodriguezekin solasaldia

Etzi, ostiralean, 18:00etan, Bye Bye, Tiberias dokumentala eskainiko da. Hiam Abbass, Palestina utzi eta Frantzian aktore lanetan jardun ondoren, alabarekin etxera itzuliko da, lau emakume-belaunaldiren eta haiek batzen dituen ondareari buruzko dokumental honetan.

Olga Rodriguez, nazioarteko informazioan, Ekialde Hurbilean eta Giza Eskubideetan aditua den kazetariarekin batera, dokumentalak islatzen duen Palestinaren historia errepasatu eta Palestinako egungo egoera aztertuko dute. 

 

Asteburu indartsua, goiz eta arratsaldean

Hariak zinemaldiak indarra hartuko du asteburuan, bai larunbatean eta bai igandean goiz eta arratsaldez eskainiko baitira pelikulak eta izango dira solasaldiak. Honela, larunbatean, 11:00etan, La vie d'une petite culotte belgikarra eskainiko da eta solasaldia SETEMeko Ainhoa Bilbao Arkotxarekin, jantzigintzako langileen baldintzak hobetzeko federazioko kidea.

Arratsaldean, 18:00etan, Matangi/Maya/M.I.A dokumentalean M.I.A.ren bizitza erakutsiko da eta solasaldia Herrien Auzitegi Iraunkorreko Gontzal Martinez de la Hidalgarekin izango da, Sri Lankako Tamil herriak bizi duen errealitatera hurbiltzeko.

Igandean, 11:00etan, Arnasa betean eskaini eta gero, solasaldia Bertha Gaztelumendi zuzendariarekin, Euskal Herriko emakume zinegileei buruz, izango da.

Arratsaldeko 18:00etan, La memoria infinita txiletarra proiektatuko da. Solasaldia Jasna Pauletich, Teresa Toda eta Begoña Gorosperekin izango da, memoria kolektiboa dokumentatzeko estrategiez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!