DANAgatik kaltetutako pertsonei laguntzeko materiala jasoko dute Kontrakantxan

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 5a, 14:52

Bihar eta etzi 18:00etatik 20:00etara jasoko dute materiala. Larunbatean, berriz, goizeko 10:00etatik 12:00etara.

Valentziako DANAgatik kaltetutako pertsonei laguntzeko material bilketa antolatu dute Kontrakantxa Gaztetxean. Bihar, etzi (18:00-20:00) eta larunbatean (10:00-12:00) eraman ahalko dira materialak gaztetxera, eta ondorengo gauzen premia dagoela jakinarazi dute: botak, maskarak, babes betaurrekoak, eskularruak eta buzoak. 

Deialdiarekin batera, egoerari buruzko irakurketa bat ere argitaratu du Hernaniko Gazte Asanbladak. Hondamendi naturalak «ertz sozial eta politikoak» ere badituela nabarmendu dute: «Ez da ausazkoa Mediterraneoko itsasoa 2 gradu berotu izan azken 20 urteetan, langile asko lanean jarraitzera behartuak izana, larrialdi zerbitzuen desegitea, eta abar». 

Irakurketarekin batera, «Instituzioen pasibotasuna eta enpresarien diru gosea» salatu dituzte, eta elkartasun osoa adierazi diete kaltetu guztiei. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!