Ekhi Zubiria Etxeberria
Non jaio zineten zehazki?
Pape: Amadou eta biok Senegalekoak gara. Ni Thiés-ekoa eta bera Mbour-ekoa (Dakar hiriburutik gertu samar daude bi hiri hauek). Isa, berriz, Malitik etorri da.
Aipatu hango berezitasunen bat.
Amadou: Janari oso ona dago. Eta arrain asko ere badago. Ni arrantzan aritzen nintzen lanean hona etorri aurretik eta bai, arrain asko dago.
Zeinekin bizi zarete hemen?
Lezoko adin txikiko etorkinen zentroan bizi gara. Bederatzi gazte gaude bertan eta beste zortzi pertsona ere egoten dira gurekin zaintzaile, garbitzaile eta abarren artean. Gazte gehienok afrikarrak gara baina Indiako mutil bat ere badago.
Aritzen al zineten futbolean zuen herrian?
Bai, bai, aritzen ginen. Ez talderen batean edo horrelako gauzetan sartuta, lagun artean bakarrik.
Zein izan zen handik alde egiteko arrazoia?
Bizimodua zaila delako agian? Pape: Ez, han bizitzea ez da zaila. Hemen errazagoa da baina han ez da hain zaila. Guk txikitatik aditu izan ditugu jendearen komentarioak; `Espainian oso ondo bizi daiteke` `Europan bizitza zoragarria da` eta horrek bultzatzen zaitu ateratzera. Nahiz eta bidaia zaila dela jakin, arriskatzeak merezi duela pentsatzen duzu.
Eta hala izan al da? Kontatzen duten bezain ona da?
Ondo dago oraingoz. Ez genekien hemen zer zegoen eta aurkitu duguna nahiko ona da.
Zeinekin etorri zineten? Ezagutzen al zenuten inor etorri zinetenean?
Bakarrik etorri ginen, gurasorik gabe eta ez genuen inor ezagutzen. Guk hirurok ere ez genuen elkar ezagutzen artean. Orain mobilak dauzkagu gurasoekin hitz egiteko eta horrekin errazagoa egiten zaigu.
Noiz ezagutu zenuten elkar?
Pape: `Isa` eta biok 2006ko azaroan iritsi ginen Kanariar uharteetara. Amadou lehenago, abuztuan. Hor ezagutu genuen elkar. Egia esan, jende asko ezagutu genuen, han jende asko baitzegoen.
Kontatu ‘bidaia’: iraupena, baldintzak, jendea...
Pape: Ni Senegaletik atera nintzen patera batean. Bost egun eta bost gau pasa nituen itsasoan. Janaria bazegoen baina gogorra da bidaia. Momentu askotan beldurra pasatzen da. Amadou: Ni ere Senegaletik atera nintzen eta zortzi egun behar izan nituen Kanarietara iristeko. Egia esan, ez nuen beldurrik pasa, itsasoan ibiltzen ohituta nengoelako, hona etorri aurretik arrantzan egiten bainuen lan. Beraz, ez nintzen ikaratu. (Senegaleko kostako herri batekoa da Amadou, Mbour-ekoa). Isa: Mauritaniatik atera nintzen ni eta hiru egun pasa nituen itsasoan. Jende asko zegoen eta askok ez genekien igeri egiten.
Eta hemen futbolean jokatzeko gogoa zenutenez, Lezo inguruko taldeetan aurkeztu zineten. Baina azkenean Hernanin bukatu duzue. Zergatik?
Hala da, aurtengo martxo-apirila aldera etorri ginen Lezoko zentrora eta futbolean jokatzeko gogoa genuenez, zentrotik edo Lezotik gertuen zeuden taldeetara jo genuen. Ez gintuzten taldeetan hartu. Ez dakigu oso ondo zergatik, papeleo kontuak izango ziren seguruenik... Orduan, Hernanira etortzeko aukera azaldu zitzaigun. Gu CIP batean ari gara ikasten eta bertako irakasle bat C.D.Hernaniko entrenatzailea denez, hona etortzeko proposamena egin zigun. Beraz, trenez etortzen gara astean 3-4 aldiz. Oso gustura gaude hemen.
Zer moduz Hernanin futbolean? Zein postutan jokatzen duzue?
Pape: Ondo, gustura. Taldekideekin ere ondo moldatzen gara. Jubeniletan ez gabiltza oso ondo sailkapenean, baina kadeteetan emaitza onak lortzen ari dira. Hasieran, nahiko galduta aritzen ginen zelaian baina pixkanaka ari gara trukua hartzen. Begira, Amadouk jada bi gol sartu ditu. Nik (Papek) euskarri postuan jokatzen dut, Amadouk eskuineko erdilari bezela eta `Isa`-k erdilari edo aurrelari moduan.
Izan dituzuen aldaketa guztien artean, hizkuntza izan da bat. Moldatzen ari al zarete? Zein da zuen ama-hizkuntza?
Honetan ere pixkanaka hobetzen ari gara. Gaztelania dezente menperatzen dugu, baina euskera zailagoa da. Euskera poliki-poliki (parrez). Gainera, Hernanin askok hitz egiten dute euskeraz eta ulertu nahi dugu. Gure ama hizkuntza (Pape eta Amadou senegaldarrena) Wolof-a da (Senegaleko hiztun gehien duen hizkuntza da, baina ez ofiziala) eta frantsesez ere pixka bat badakigu. Isa-rena Bambara da (Afrika mendebaldeko etnia baten hizkuntza, 2 milioi hiztunekoa).
Hemengo bizitza eta hangoa alderatu. Zer da hobea eta zer okerragoa?
Han familia, lagunak eta sorterria ditugu, eta asko botatzen ditugu faltan. Ez da erraza hori dena uztea. Hemen dirua dago. Dirua eta aukera gehiago.
Kontatu etorri zinetenetik gertatu zaizuen bitxikeriaren bat.
Ba, egia esan, ez dago gauza handirik kontatzeko. Beno, egun batean tokatu zitzaigun gauza arraro bat: Euri asko egin zuen batean gu bizi garen zentroan ura sartu zitzaigun (denak parrez). Erreka ondoan dago zentroa eta urak gainezka egin zuen. Egongela guztia urez bete eta sofa guztiak busti zizkigun.
Futbolarekin jarraitzea pentsatzen duzue?
Gustura gabiltza futbolean, gustatzen zaigu, eta datorren urtean segitzeko asmoa dugu. Ahal badugu, Hernanin.
Eta bestela, kirolaz aparte, zer egin nahiko zenukete?
Pape: Lana egin nahi dugu denok. Nik iturgin bezela hasi nahiko nuke datozen urteetan. Amadou: Nik igeltseritzan aritu nahi dut. Gustatzen zait. Isa: Pladur-arekin lan egin nahi dut. Hemen etxe asko dagoela konturatu naiz, beraz, `pladur`-arekin aritzeko lan asko egongo dela uste dut.