Gipuzkoako Txapelketaren finalerdietan izango da Andoni Rekondo ere. Bertsolari hernaniarra hirugarren izan da Tolosan, final laurdenetako azkeneko saioan, 479,5 puntu eskuratuta. Horrekin, hurrengo Euskal Herriko Txapelketan aritzeko txartela ere eskuratu du Rekondok. Koadrilari eman dizkio eskerrak, bukaerako agurrean:
Nahiz ez dakidan non kristo dauden
jarri naiz koadrilara so
bertso kantuan behin hasi ginen
Akarregin zen akaso
orduz geroztik puntu zein koplak
ez dira izan arazo
ta nahiz juerga egin atzo
gaur bertara pausoz pauso
finalerdira sailkatu naiz ba
beste 15 eurazo
ta bertan ere noski nahi nuke
zuen maitasuna jaso.
Gaurko saioarekin, osatuta geratu da finalerdietan ariko den 18ko multzoa, eta horien artean izango dira Hernaniko Bertso Eskolako sei kide: Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Asier Azpiroz 'Azpi', Andoni Rekondo, Eli Pagola, Eñaut Martikorena.
Hernanin aritutako Nerea Elustondok irabazi du Tolosako saioa, 500 punturekin.