Finaletik kanpo geratu dira Apaolaza eta Lizeaga, Amiano tolosarraren erritmoari eutsi ezinik

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 4a, 00:00

Xabi Apaolaza pelota bat boleaz jasotzen, Unai Albeniz tolosarra begira duela.

Ez zuten bere partidurik onena jokatu pelotari hernaniarrek, eta 14-22 galdu zuten Gipuzkoako Binakakoaren semifinala, ohorezko mailan.

Ez dira txapelaren lehian izango Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrak, Gipuzkoako Binakako Txapelketan, ohorezko mailan. 14-22 galdu zuten semifinala atzo, Hernaniko kiroldegiko frontoian, Unai Amiano eta Unai Albeniz tolosarren kontra.

Parekatua hasi zen finala, eta halaxe izan ziren bi bikoteak 5-5eko berdinketara arte. Aginte makila hartu nahi zuten tolosarrek, baina ondo eusten zieten hernaniarrek, defentsan oso sendo. Hortik aurrera, ordea, erritmoa aldatu eta bere abilezia guztiak erakutsi zituen Amianok: oso luze egin zituen sakeak, Lizeaga estu hartuz; eta behin eta berriro asmatu zuen errematean. Horrela, bederatzi tanto lortu zituzten segidan (5-14).

Erreakzionatzen hasi ziren hernaniarrak, Apaolazaren bi gantxo ederrekin, zaleek gogoz txalotu zituztenak. 11-16 gerturatu ziren, baina erremate finak lotzen jarraitu zuen Amianok, eta ihes egin zieten berriro (12-19). Azken tantoetan, joera aldatzen saiatu zen Apaolaza, txokotik sakatuta; baina jokoan nagusitzea lortu zuten arren, beranduegi zen markagailua iraultzeko.

Erlazionatuak

Apaolaza-Lizeaga / Amiano-Albeniz

Kronika - Erredakzioa aza 03 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!