Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final laurdenetako bosgarren eta azken saioa jokatuko da gaur, arratsaldeko 17:00etan hasita, Tolosako Leidorren. Saioko sei bertsolarien artean izango da Andoni Rekondo Izagirre hernaniarra, finalderdietarako txartelaren bila. Berarekin batera arituko dira Maider Arregi oñatiarra, Nerea Elustondo legazpiarra, Jon Gurrutxaga azpeitiarra, Iñigo Manzisidor 'Mantxi' zarauztarra eta Aitor Tatiegi oñatiarra.
Ikusmina piztu du saioak: 800 lagun ingururentzako dago tokia Leidor aretoan, eta sarrerak agortuta daude dagoeneko.
Gaur ezagutuko dira finalaurrekoetarako 18 sailkatuak
Gaurkoa azken saioa izanda, amaieran ezagutuko dira finalerdietara sailkatuko diren 18 bertsolariak. Dagoeneko matematikoki sailkatuta daude Hernaniko Bertso Eskolako Agin Laburu, Beñat Gaztelumendi, Asier Azpiroz 'Azpi', Eli Pagola eta Eñaut Martikorena. Euskal Herriko Txapelketan aritzeko txartela ere eskuratua dute bost bertsolari hauek.