Maila haundiko esku pelota partidua izango da gaur eguerdian, Hernaniko kiroldegiko frontoian. Izan ere, ohorezko mailako semifinala jokatuko dute, Gipuzkoako Binakako Txapelketan, 12:30etan hasita. Bertan ariko dira Xabi Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrak, Tolosako Albenizen eta Amianoren kontra.
Maila nagusiko finalera pasea dago jokoan, eta partidu ikusgarria espero da, afizionatu mailako puntako lau esku pelotarirekin. B multzoko lider izan ziren hernaniarrak ligaxkan, lau partidu irabazi eta bi galduta; eta horri esker jokatuko dute semifinala etxean. Tolosarrak, berriz, bigarren izan ziren A multzoan, lau garaipen eta bi porrotekin haiek ere.
Gaurko irabazleek Lapkeko Garmendia eta Irribarria izango dituzte kontrario finalean. Lazkaotarrek 22-10 menderatu zituzten Intxurreko Irazustabarrena eta Murua, asteazkenean.
Semifinalaren aurretik, lagunarteko partidu bat ere jokatuko da, 11:30etan hasita: Mendiable-Perurena eta Zabala-Madina bikoteak, aurrez aurre.