Bigarrenez egingo dute Udazkeneko Azoka gaur, Osiñagako ekoizle eta sortzaileen postuekin

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 3a, 00:00

Dozenaka lagun Kimetz Oñederraren erakustaldiaz gozatzen, iazko azokan.

Postu ugari, herri kirolak, bertsolariak eta jan-edana izango dira, goizeko 10:30etatik 13:30etara, Itxas-Buruko aparkalekuan.

Aurreneko edizioaren arrakasta ikusita, segida emango diote Osiñagako Udazkeneko Azokari, eta gaur bertan egingo dute bigarrenez. Goizeko 10:30etatik eguerdiko 13:30etara izango da, Itxas-Buru sagardotegiko aparkalekuan. Denetik topatuko du­te gerturatzen direnek, festa gi­ro polita tarteko.

Batetik, auzoko ekoizle eta sortzaile ugariren postuak izango dira bertan: Perrapa baserria, Arriatzu baserria, Zatika Di­seinuak, Telleria haragiak, Txin­txuenea gazta eta auzoko sagardogileak. Gainera, 'Suima' liburua aurkeztuko du Dori Correa idazleak, azokan bertan.

Horrekin batera, herri kirolak eta bertsolariak ere izango dira. Aizkoran ariko da Jokin Urretabizkaia 'Basozabal', harrijasotzen Elene Alkorta, eta bertsotan Andoni Mujika 'Anatx' eta Iker Ormazabal 'Tturko'.

Eta azkenik, nola ez, jan-edana ere izango da aukeran. Auzoko produktuekin egindako pintxoak eskainiko dituzte azokan.Plan polita, eguraldi onarekin, oinez bertaratu eta gozatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!