Hernaniko Gobernu taldeak ostegunean aurkeztu zuen 2025eko aurrekontu proiektua. 42,6 milioi euroko aurrekontua aurkeztu du, «hernaniarren ongizatea hobetzea helburu» duena eta horretarako, %11,9ko igoera izango du proiektuak 2024koarekiko. Horietatik, Foru Aldundiak udalen funtsetik 18,4 milioi helaraziko dituela hitz eman du, aurten emandakoa baino %2,7 gehiago.
Datu horiek azaldu zituen Oier Agirresarobe zinegotziak eta Ogasun delegatuak. Gaineratu zuenez, «egitasmoa gainerako udal taldeei aurkeztu zaie, eta hemendik aurrera ekarpenak jasotzeko epea ireki da, azaroaren 14era bitarte. Helburua da azaroaren 21eko batzordeetan diktaminatu eta azaroaren 26ko Plenoan onartzea. Saiakera egin dugu prozesua hilabete aurreratzeko, urte bukaeran izaten diren boletineko arazoak ekiditeko. Honela, urte hau Hernanik 2025eko behin betiko aurrekontua.
Datorren urterako lehentasunak finkatu dira. Xabier Lertxundik adierazi zuenez: «Bi ildo nagusi dituzte aurrekontu hauek. Batetik, urte ezberdinetan eta legegintzaldi honetan martxan jarri ditugun zerbitzu berriak mantendu eta sakondu nahi ditugu. Udalari dagokio zerbitzu publiko potente batzuk izatea. Hernanik baditu zerbitzu horiek eta indartzen joango gara. Berriak sortu ditugu, batzuek aitzindariak direnak, eta horiek mantentzea indar berdinarekin edota hobetuta izango da helburua. Bestetik, 2025 urtea urte luzez proiektatu diren obrak ejekutatzeko garaia izango da, Galarretako sistema orokorra esaterako. Urte luzez datorren kontua da, korapilatsua izaten ari dena, baina ejekutatzeko urtea izango da».
Zerbitzu publikoak hobetzera, auzoak ekipamenduz hornitzera, kultura, kirol eta jarduera fisikoa sustatzera... «Funtsean hernaniarren ongizatea hobetzen jarraitzea da Gobernu talde honen xedea, eta horretara bideratuko ditu aurrekontuak».
«Lehen sektorerako dirua bikoiztu egingo da»
Itsaso Lekuona zinegotzi eta alkate ordeak sustatu nahi diren proiektu esanguratsu batzuk azaldu zituen aurkezpenean: «Hernani Burujabe lantzen ari den arlo estrategikoetan sakontzen jarraitzea da helburuetako bat. Hernaniarren ongizaterako eta oinarrizko beharretarako baliabideak haunditu eta hobetu nahi dira».
Hortik tiraka, «tokiko elikadura burujabea sustatzea da xedeetako bat, eta ildo horretan lehen sektorerako dirua bikoiztu egin du Udalak. Laister aurkeztuko dugu egindako lehen sektorearen diagnostikoa, eta horretan agertzen diren helburuak gauzatzeko erabiliko da dirua: besteak beste, nekazaritzarako lurrak identifikatzeko, nekazaritza eskola martxan jartzeko, eta tokiko elikagaien transformazio eta kontsumorako sareak hobetzeko eta bermatzeko». Herritarren partehartzea sustatzeko hitzarmenak egingo dira partehartze sailetik.
Euskera planari lotuta, aurten eratu da Hernaniko Euskararen Kontseilua, non Udala ez ezik, «euskalgintzako eragile ezberdinak ere elkartzen diren. Bada, kontseiluak badu jadanik plangintza bat eta hainbat ekintza martxan jartzeko, eta haiek gauzatu ahal izateko aurrekontua gorde du Udalak», aipatu zuen Itsaso Lekuonak.
Txotx garairako aldaketak
Azken urteetan txotx garaia eraldatzeko lanketa egiten ari da Udala. Orain partida bakarrean jasoko da, aipatu zuenez Lekuonak. Xabier Lertxundi alkateak gehiago sakondu zuen. «Txotx garaian hainbat aldaketa sustatu nahi ditugu, Sagar eta Sagardoaren Mahaian aurten onartu den diagnostikoarekin bat eginez. Besteak beste, Hernaniko alde zaharrera txotx garaian iristen diren kanpoko pertsonen emaria txikitzea, bertako herritarrentzako kultur eskaintza bermatzea eta sagardoaren kultura urte osora zabaltzea. helburu horiek bermatzeko sail ezberdinen artean egin beharreko lana erraztu eta koordinatzeko diru partida berri bat sortu da aurrekontuan».
«Inbertsioetan ere, ahalegin haundia»
Hainbat inbertsioetan ere ahalegin ekonomiko haundia egiteko asmoa omen du Udalak, adierazi zuen Lekuonak. «Horretarako ere ondu ditugu aurrekontuak. Besteak beste, 4,1 milioi euro aurreikusi ditu Galarretako plan berezia gauzatzeko. Galarretako sistema orokorra berrituko da. Modu horretan poligonoetarako sarbideak egingo dira eta Galarreta eta errekalde arteko bidegorriari hasiera emango zaio, Aldundiaren proiektuarekin bat egiteko».
Hernaniko Udalak jarraituko du datorren urtean herriko ikastetxeetan egiten ari den hobekuntza lanekin, Urumean eta Laubidietan. Argiteria sistema eta galdarak berrituko dira, besteak beste.
Kultur eta kirol ekipamenduetan ere hobekuntzak egiten jarraitu nahi du. Kulturarako bideratutako aurrekontua, esate baterako, %12 handiagoa izango da heldu den urtean.
Hurrengo urtean hasiko dira Zubipe eta Landareko hobekuntza lanak, besteak beste, Hernaniko futbol eta errugbi taldeek ekipamendu egokiak izan ditzaten laguntzeko. Hilabete luzeetan elkarlanean aritu da udala bi klubekin obren inguruko plana eta kronograma zehazten, eta iritsi da garaia gauzatzen hasteko. Bestalde, Portu eta Elizatxotik kaxkora igotzeko balioko duen igogailua ere hurrengo urtean hasiko da egiten Udala.