Igandean ospatuko da II. Udazkeneko Azoka, Osiñagako ekoizleen eskutik

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 1a, 00:00

Azokak, auzoko jendearentzat eta ingurukoentzat elkargune bat izatea, eta auzoko ekoizle eta sortzaileak ezagutaraztea du helburu. 

Igandean ospatuko da Udazkeneko azoka Hernaniko Osiñaga auzoan. Aurreko urtean estreinatu zuten azoka Osiñagako auzo elkarteko kideek, eta bigarrenez egingo dute auzoko ekoizleen produktuak ezagutarazteko eta bertakoa kontsumitzearen aldeko apustua. Bi helbururekin abiarazi dute: batetik, auzoko jendearentzat eta ingurukoentzat elkargune bat sortzeko, eta bestetik, auzoko ekoizle eta sortzaileak ezagutarazteko. Postuak eta ikuskizunak izango dira goiz osoan zehar, goizeko 10:30etan hasi eta 13:30ak bitarte.

Aurreko urteko azoka proba moduan egin bazuten ere,  ez dute zalantzarik egin bigarren edizio honetan, horrela adierazi du Uxue Amonarriz Osiñaga auzo elkarteko kideak: «Oso harrera ona izan zuen iaz azokak, jende asko hurbildu zen eta giro ederra sortu zen. Hortaz, ez dugu zalantza askorik izan errepikatzeko». Prestakuntza lanetan ibili dira elkarteko kideak aste hauetan zehar: «Egun hauetan lanean ibili arren, ez da lan nekeza izan, izan ere, parte hartzen dugun ekoizle edo sortzaile gehienak auzo elkarteko parte gara; gainera eremua ez da oso handia, eta horrek ere errazten du antolaketa», gaineratu du Amonarrizek. 

Hernanitik gertu, baina landa eremuan kokatzen den auzoa da Osiñaga. Azokak auzoari keinu bat egin nahi izan dio, «jendeak ikusi dezan auzoa bizirik dagoela». Bestalde, auzoan errealitate ezberdinak bizi arren, lehen sektorea balioan jarri nahi izan dutela ere azaldu du Amonarrizek: «Jende asko ibiltzen da paseatzen inguru hauetan, baina ez du auzoarekin loturarik egiten. Azokaren aitzakiaz jendeak auzo bizia dela ikusteko aukera ere badu, baita bertan bizi garenokin harremantzeko parada ere. Landa eremuko auzoa izanik, nekazari eta abeltzain asko gaude; profesionalak edo ez: eta errealitate anitzak dauzkagun arren, denok sumatzen dugu lehen sektorea balioan jartzeko beharra». 

Auzoko ekoizleen produktuak

Aurten ere, postuak izango dira nagusi Itxas-Buruko aparkalekuan: Peparra baserria, Arriatzu baserria, Zatika diseinuak, Telleria haragiak, Txintxuenea gazta eta auzoko sagardogileak. 'Suima' liburuaren aurkezpena ere izango da, Dori Correaren eskutik. Beraz, denetarik egongo da igandean, baserriko produktuak, 3D inpresoran eginiko diseinuak, gazta, haragia...

Postuez gain, ikuskizun ezberdinak eskainiko dira. Herri kiroletan, Jokin Urretabizkaia aizkoran eta Elene Alkorta harrian ariko dira. Eta giroa alaitzeko, bertsotan arituko dira Hernaniko Andoni Mujika 'Anatx' eta iker Ormazabal 'Tturko' bertsolariak.

Edana eta jana ez dira faltako, auzoko produktuekin egindako pintxoak probatzeko aukera ere egongo da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!