«Euskaraz zainduak izateko eskubidea» aldarrikatu dute aurkako epaia eta gero

Kronika - Erredakzioa 2024ko aza. 1a, 00:00

Astelehenean egin zuten elkarretaratzea, Kontseiluak, ELAk eta LABek deituta, Donostiako Foru Aldundiaren aurrean. Bertan izan ziren Hernaniko zenbait udal ordezkari, eta Irun, Bergara, Eibar, Tolosa eta Hernaniko euskara elkarteko kideak.

Epaitegiak baliogabetu egin du Kabia organismoak adineko egoitzetan lanpostuak egonkortzeko egindako deialdia, hizkuntza-eskakizunak direla eta. Epaiak dio, «neurriz kanpokoak» direla erakundeak egindako euskara eskakizunak; eragileek, berriz, «euskararen normalizazioaren aurkako erasotzat» jo dute ebazpena. Kontseiluak, ELAk eta LABek deitu zuten elkarretaratzea astelehenean, Donostiako Foru Aldundiaren aurrean, eta bertara batu ziren zenbait udal ordezkari eta euskara elkarte.

Kabiak eginiko deialdiak, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lau udalerrietako egoitzetako lanpostuak barnebiltzen ditu: Tolosako, Oñatiko, Hernaniko eta Bergarako egoitzetakoak; eta ohar bateratu bat ere kaleratu dute bertako euskara elkarteek elkarlanean, «euskaraz zainduak izateko eskubidea» aldarrikatuz. 

Adierazpenak ere egin dituzte Bergarako, Hernaniko, Oñatiko eta Tolosako alkateek eta UEMAko lehendakariak. «Kezkaz eta larritasunez» hartu dutela ebazpena adierazi dute, eta epai honek, zerbitzu publikoek bermatu behar dituzten hizkuntza-eskubideen lanean, trabak jartzen dituela azaldu dute.  Euskaraz jakiteko eskakizuna kenduta, adinekoei euskaraz artatzeko eskubidea urratuko zaiela salatu dute: «Erabat babesgabe utzi dituzte zentro horietako erabiltzaile euskaldunak: beren bizialdiko azken urteetan beren hizkuntzan aritzeko eskubidea oztopatuko baitzaie».

Deialdian inplikatutako udalerrietako euskara elkarteak ere batu egin dira, tartean Dobera Euskara Elkartea, eta epaiaren aurkako oharra kaleratu dute, «euskaraz zainduak izateko eskubidea» aldarrikatzearekin batera.  Herritarron hizkuntza-eskubideak bermatzetik urrun, kontrako norantzan kokatu dute ebazpena. «Pertsona zaurgarrienak duintasunez eta beraien hizkuntza erabiliz zaintzeko baldintza eta bermea da lanpostu horietako hautagai guztiak arreta euskaraz eskaintzeko gai izatea».

Bestalde, kasu konkretua izatetik urrun, «euskararen kontrako eraso eta estrategia judiziala» dela salatu dute euskara elkarteek: «Azken urteetan kontsentsu zabalean oinarritutako eta euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontrako sententziak ugaritzen ari dira auzitegietatik», eta horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari azken epaiari helegitea jartzeko eskatu diote.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!