Astearte arratsaldean egin zuten Hernaniko Udaleko urriko osoko bilkura. Bozkagai jarritako puntu guztietan adostasun osoa izan zen, eta aho batez onartu zituzten proposamenak, tartean Elkarrekin Podemosen bi mozio.
Gai zerrendako laugarren puntuan Hernaniko Udalaren eta Administrazio Publikoaren Euskal Institutuaren arteko hitzarmena onartu zuten, 2028ra arteko iraupenarekin. Axier Mingo zinegotziak azaldu zituen hitzarmenaren xehetasunak: «Helburua da, besteak beste, euskara ikastaroak antolatzea, herritarrak euskalduntzeko, alfabetatzeko zein laugarren hizkunzta eskakizuneko prestakuntza ikastaroak osatzeko».
Hizkuntzarekin jarraituta, Udalaren euskeraren erabilera areagotzeko plan estrategikoa onartu zuten bosgarren puntuan. Mingok nabarmendu zuen azken urteetako lanaren ondorioz «izaera haundia» duela euskerak bertan. Hala ere, helburuen jarraipenean hobetzeko tartea dagoela adierazi zuen: «Hitzarmen nagusietan, dirulaguntza deialdietan eta kontratazioetan hizkuntza klausulak txertatu ditugu. Hitzarmen berriarekin jarraipenean hobetu nahiko genuke, betetze maila hoea eta sistematizatua izan dadin».
Elkarrekin Podemosen
mozioak aho batez onartuta
Bozkagai jarritako azken bi puntuetan Elkarrekin Podemos udal taldeak aurkeztutako bi mozio onartu zituzten. Lehenengoan ondarearekin lotutako lanetan kontserbazioko eta zaharberritzeko profesionalak sartzea onartu zuten; bigarrenean, berriz, animalien babes eta ongizaterako udal ordenantza bat idazteko prozesua martxan jartzea.